GARA > Idatzia > Kultura

«Searching for Bolaño»

Bidaia labur bat Bartzelonara. Sixto Rodriguezen musika zuzenean entzuteko asmoak CCCB Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak Roberto Bolañori buruz antolatutako erakusketara eraman gintuen, desengainu txiki batetik espero ez genuen aurkikuntza handi baterako bidaia ederra eginez.

p044_f01.jpg

Ainhoa EGIARA

Arrakastak maiz bere atzean porrot ugari ezkutatzen dituen bezala, porrotek batzuetan arrakasta itzela gordetzen dute beren baitan. Hemengo porrota hango arrakasta izan daitekeen bezala, atzoko porrota gaurko arrakasta bihur liteke. Ustekabean, Bartzelona betiere aitzakia ederra izateaz gain, Sixto Rodriguez eta Roberto Bolaño lotu zituen hari fin bilakatu zen, askotan arrakasta eta porrota banatzen dituen lerroa bezain fina. Sixto Rodriguez Bartzelonan jotzekoa zen, Primavera Sound makrojaialdian. Malik Bendjelloul-en «Searching for Sugar Man» film dokumentala ikusi nuenetik ez diot Sixto Rodriguezen musika entzuteari utzi. Bai, badakit filma ikusi duten gehienei gauza bera gertatu zaiela. Ez diot Bendjellouli zuzendari gisa meriturik kenduko. Berak istorioa bilatu eta maisutasunez kontatu baitu, musikari ezezagun bati buruzko dokumental bat thriller poliziako bihurtuz. Hala ere, istorioak berak indar ikaragarria dauka.

«Sugar Man»-en urratsen atzetik

1971. urtean bere bigarren eta azken diskoa grabatu zuenetik, Rodriguezek ez zion inoiz bere musika jotzeari utzi, beti bere jaioterri Detroit-eko taberna-zulorik ilunenetan. Musikari profesional bilakatzeko ametsa amaituta, hogeita hamar urtez igeltsero gisa edo autoak garbitzeko tuneletan jardun zuen. Zergatik porrot egin zuten Rodriguezen diskoek? Ez dakigu. Bere abestiek arrakasta lortzeko ezaugarri guztiak zeuzkaten: Rodriguezen musikak folk-rocka, bluesa eta batzuetan psikodelia ere uztartzen zituen eta bere abestien hitzek Detroit bezalako hiriguneetan amerikar ugariren «ametsaren» amaiera gordina era poetiko batez kontatzen zuten. Baliteke garai hartako AEBetako arrazakeria gordina izatea Rodriguezen diskoen porrotaren erantzulea, mexikar jatorrikoa zela eta. Hala, Sixto Rodriguez bera, nonbait, bere abesti baten hitzek kontatutako istorio bateko protagonista bihur zitekeen, bizitza osoan txirotasunetik eta gizarte bazterketatik oso gertu izan baita.

Bitartean, alabaina, Hegoafrikako eta Australiako belaunaldi askorentzat Sixto Rodriguez -berak ezer jakin gabe, ordea- masen idolo bat zen. Hegoafrikan eta Australian Rodriguez izeneko musikari misteriotsuaren gaineko elezaharra hazi ahala, hilik, agertokiaren gainean nonbait bere buruaz beste eginda zegoela zabaldu zen. Sixto Rodriguezek, hezur-haragizkoa, Detroiten, disko gehiago grabatzeaz eta arrakastaz behin betiko ahaztuta, bere inguruan ikusten zituen istorio tristeak leunki abesten zituen, horien protagonistak babestu eta laztandu nahiko balitu bezala. Gauzak horrela, hogeita hamar urtez Rodriguezen arrakasta eta porrota ozeanoa den lerro urdin zabalaz banatuta bizi izan ziren.

1998an Lurmutur Hiria, 2013an Bartzelona

1998. urtean Lurmutur Hirian eskaini zuen kontzertuan, bere azken diskoa argitaratu zuenetik hogeita zazpi urtera, Sixto Rodriguezek ozeanoa den lerro zabala ezabatzea lortu zuen. Hegoafrikako milaka eta milaka «gaztek» beraien idoloa ezagutu eta bere musika zuzenean aditu zuten. Ameriketako Estatu Batuetako mexikar jatorrizko agure hori han, nonbait, milaka eta milaka jarraitzaile dituen musikari handia dela jakin izan zuten. Kontua da Sixtok dagoeneko 71 urte dituela. Duela aste batzuk gaixotu zen eta ez du Bartzelonara etortzerik izan. Halere, ez da Bartzelona bisitan etortzeko aitzakia gehiegi behar duen hiria. Gainera, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak (CCCB) ekainaren 30era arte Roberto Bolaño idazle txiletarrari buruzko erakusketa antolatu du. Ez zen inola ere aukera txarra.

«Archivo Bolaño (1977-2003)»: ongi etorri Bolañoren unibertsora

Ez da lan erraza idazle bati buruzko erakusketa ikusgarria egitea. Margolari batek bere koadroak dauzka, zizelkari batek bere eskulturak, artista plastiko batek bere instalazioak, perfomanceak edo happenningak, baina... zer dauka idazle batek? Idazle batek bakarrik bere liburuak dauzka eta horiek liburutegietan eskuragarri egoten dira. Ez zen erronka hutsala, beraz. Roberto Bolaño zenaren emazte Carolina Lopezek 14.000 dokumentu utzi zituen CCCB-ren esku, Bolañoren unibertso osoa (edo behintzat bere koadernoak, liburuxkak, agiriak, prentsa ebakin eta paper zati zirriborratu guztiak eta, noski, ordenagailuko disko gogorra). Erakusketaren arduradunek eduki guztia hiru zatitan banatuz -«Bartzelona, La Universidad Desconocida (1977-1981)», «Girona, Dentro del Caleidoscopio (1981-1984)» eta «Blanes, El Visitante del Futuro (1984-2003)»- Bolañok Katalunian bizi izan zen urteetan utzitako arrasto nagusiak gure begien aurrean era ikusgarrian ezarri arren, erakusketa Bolañoren jarraitzaile leialentzako eginda dago. Are gehiago esan behar dut, gaur egun mundu osoan tropela osatzen duten Bolañoren jarraitzaile zintzo-zintzo guztiek CCCBko erakusketa ikusi beharko lukete, bertan ez baitituzte beraien libururik maitatuenak USB memoria batean bilduta edo idazmakinaz idatzitako jatorrizko aleak ikusiko, baizik eta Roberto Bolañok eskuz bere koadernoetan idatzitakoak. Hala, «2666», «Los detectives salvajes», «Estrella distante», «Nocturno de Chile», «La pista de hielo», «Los perros románticos», «El Tercer Reich», «Consejos de un discípulo de Morrison a un fanático de Joyce», «La literatura nazi en América», besteak beste, Bolañok Tallers kaleko paper-dendan erosten zituen Miquelrius koadernoetan idatzita ikusiko ditugu. Kasu askotan beste liburu batzuk osatzen amaitu duten testuak ikusiko ditugu -«La Virgen de Barcelona», «Diario de bar», «Prosa de otoño en Gerona», «El contorno del ojo», «Sensini»...- eta Roberto Bolañok argitaratu gabe utzitako liburuetatik lau gutxienez -«El espíritu de la ciencia-ficción», «Diorama», «DF», «La Paloma», «Tobruk» eta «El espectro de Rudolf Amand Philippi»- erakusketan ikusgai daude. Adierazgarria da Roberto Bolañok jarraitutako sortze prozesua gure aurrean agertzen dela, nola egunkaritik albiste bitxi bat mozten duen eta ideia horretan oinarrituta ipuin bati hasiera ematen dion, nola aurreneko eskuizkributik bigarrenera pasatzen den, nola honetatik idazmakinaz idatzitakoa sortu eta ordenagailuz behin betiko testuaz erditzen den. Sortze bide horretan gauza asko aldatzen doa, batzuk betiko galtzen dira, beste batzuk desagertzen eta gero berriro agertzen dira, baina jatorrizko ideiak prentsa-ebakin hartatik ordenagailuz idatzitako testuraino dirau.

Bolaño, beti Bolaño

Hala eta guztiz ere, Bartzelonako erakusketak Bolañoren objektuak -bere argazkiak, bere idazmakina, bere ordenagailua eta bere testuak, batez ere bere testuak- ekarri dizkigu, baina erakusketa bera Bolañoren edozein eleberri bezalakoa da, bere idazkera bezalakoa, irakurtzen hasi eta Bolaño bera topatuko dugu. Hamabost urterekin Roberto Bolañok idatzi nahi zuela-eta, ikasteari uztea erabaki zuen. Harrezkeroztik idatzi ahal izateko lan egin zuen bakarrik; edozein lan egiteko prest zegoen, nahiz eta gaizki ordainduta egon, idazteko astia uzten bazion. Bolañok literatura samuraien borrokekin parekatzen zuen, «baina ez da samurai batek beste samurai baten aurka egiten duen borroka, munstro baten aurka baizik. Gainera, samuraiak, oro har, badaki galduko duela. Aldez aurretik galduko duzun jakitun, borrokatzera irteteko adoreari eustea: hori da literatura». Txilen jaio arren, batez ere Mexikon eta Katalunian bizi izandako latinoamerikar honek gaztetatik literaturaren samuraia izatea erabaki zuen eta horrela bizi izan zen. Mexikon, bere DF maitean, bere gaztaroa pasatu zuen; urte gutxi baina bere liburuetan luzatu diren urteak izan ziren. Bertan «Los detectives salvajes» eleberrian ezagutu genituen ero zoragarriak lagun egin zituen. Eleberriko Ulises Lima, bizitza osoan lagun min izan zuen Mario Santiago Papasquiaro indar bereziaz agertzen zaigu, «pertsonaia fantastikoa zen, estralurtar batzuek duela bi egun Lurraren gainean utzi izan balute bezalakoa». Lagun haiekin mugimendu literario berri bat sortu zuen: Infrarrealista Mugimendua («real visceralistas», «Los detectives salvajes» liburuan) eta iraultzarekin amets egiten zuen Mexiko DF hartan poesia idazten eta batez ere bizitzen saiatzen ziren. Infrarrealistek literatura ofizialaren aurka egiten zuten, Octavio Pazek, besteak beste, beraien «ekintza poetikoak» jasan behar izanda. Mugimendu literario hark sortze manifestua ere utzi zuen, Bolañok berak idatzita, bertan bere kanon literarioa utzi zuen: «Utz ezazue guztia, abia zaitezte berriro bideetara».

Kontzientzia politikoak Bolaño bere jaioterri Txileko Santiagora itzularazi zuen, Salvador Allenderen Gobernua babesteko asmoz. Militarrek kolpea jo eta hiru hilabetera Bolaño atxilo hartu zuten, eta bera gordetzen zuten zaindarietatik bi ikaskide ohiak izateari esker atxilotze-zentrotik bizirik irtetea lortu zuen. Ihes egin zuenetik ez zen Txilera berriro itzuli, harik eta 1999. urtean «Los detectives salvajes» eleberriarengatik Romulo Gallegos saria jaso arte. Bolaño ezkertiarra izan zen beti, baina beti bere moduan. Berak gaztetan troskista egin zela kontatzen zuen, «Komunismoaren elizgizonen ahobatezkotasunak ikaratzen ninduelako», baina troskisten ahobatezkotasunari ere uko eginez, anarkista bilakatu zen eta anarkista gisa Bartzelonara heldu zen, bere zoritxarrerako Bartzelonan anarkista gehiegirekin topo eginez. Bolaño ez zen inoiz ezein ahobatezkotasunen lagun izan.

Bartzelonako urteetan txiroa baino txiroagoa izan zen. Lagun batek tabakoa eta jogurtak erosten zizkion eta Bolañok idaztzi eta idatzi egiten zuen. Tallers kaleko estudioaren inguruko tabernetan -Centric, Granja Parisienne, Elisabets tabernetan- kafea eta batez ere tea edaten eta noizean behin lagunen batek ordaindutako ogitartekoren bat jaten zuen. Futbolinean eta milioi joko-makinan jokatzen zuten, baina batez ere literaturaz mintzatzen ziren. Bolañok denetarik irakurtzen zuen, bere eskuetara iristen zen guztia, literatura unibertsalaren klasiko guztiak eta inork ezagutzen ez zituen zientzia-fikziozko «B serieko» idazleak.

Garai hartan jatetxeetan ontzi-garbitzaile, kanpin bateko gaueko zaindari, itsasontzietan zamaketari, biltegi batean saltzaile edo mahats-biltzaile gisa lan egin zuen. Bolañok idazten jarraitzeko denetarik egin zuen. Lau urte beranduago Gironara joan zen, han bere emaztea ezagutu eta gero Blanesen familia osatu zuten. Bolañok inoiz baino gehiago idazten zuen, beste lanik egin behar ez izatearren herrialde guztietako literatur sarietara lanak aurkeztuz, «bizirik irauteko azal gorriko batek ehizatu behar zituen bufalo-sariak ziren». Hala ere, Bolañok bazekien bere denbora amaitzen ari zela, bazekien bera orduan erlojupeko idazlea zela. Hamabost urterekin idazlea izatea erabaki zuen nerabea, orduan erregionalean jokatu arren noizbait idazleen «champions league»-n jokatuko zuela zekien gaztea, bere proiektu literarioa idatziz eta idatziz heldu eta ondu egin zuen gizona bere onena ematera iristen ari zen. Beranduegi ote zen? Gaixotasunak jota, bere seme-alabei hipotekarik gabeko etorkizuna eman nahi zien eta berak ezagutzen zuen baliabide bakarraren bitartez ematen ahalegindu zen: bere prosa zoragarriarekin. Berak kalitatezko literatura egin nahi zuen, baina zer da hori? «Ba, betidanik izandakoa: ilunpetara burua sartzea, hutsera jauzi egiten jakitea, literatura oinarri-oinarrian ogibide arriskutsua dela jakitea». Hainbeste urtetan -bere bizitza osoan- gordetako zirriborroak, artxiboak eta egitasmoak ordura arte bakarrik bere buruan zeuden eleberri sendo eta borobilak osatzen hasi ziren. Urte haietan jaio ziren bere liburu gehienak, bere liburu onenak, eta hilzorian zegoela «2666» -bere literaturaren gailurra, bere sortzailea behin betiko «champions league»-n utzi zuena- osatu zuen. «2666» bera eta beste batzuk, momentuz «La pista de hielo», «La literatura nazi en América», «El Tercer Reich» eta «Los sinsabores del verdadero policía», Roberto Bolaño hil eta gero argitara eman ziren.

Gaur egun Roberto Bolaño mundu osoko unibertsitateetan ikasten den idazlea da. Ikerlari ospetsuek bere literatura aztertzen dute eta argitalpenik entzutetsuenek bere eleberrien oihartzuna handitu besterik ez dute egiten. Gaur egun Roberto Bolaño gaztelaniaz egindako literaturan gehien eragin duten idazleetako bat da, nahiz eta ia bere bizitza osoan idazle ezezaguna izateaz gain, txiro gisa bizirik iraun. Sixto Rodriguezi gertatu zitzaion bezala Bolañori arrakasta beranduegi iritsi zitzaion eta ez zuen bere arteak merezi zuen aitortza ezagutu. Biek nahi gabe, «poeta eta kantautore madarikatuen» zama gainera jausi zitzaien. Zalantzarik gabe, CCCB-ko erakusketan, bere eleberrietan bezala, Bolaño den «sugar man» hori topatzeko aukera dago, baita El Raval auzotik bere urratsen atzetik paseatuz ere. Erakusketan eta Bolañoren liburuetan literatura bizi dugu, literatura bizitza delako eta... zer da bizitza, literatura ez bada?

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo