GARA > Idatzia > Kultura

ACT jaialdiaren X. urtean, egungo apustu artistiko berritzaileak nagusi Bilbon eta Barakaldon

Bilbo Handia arte eszeniko berrientzako topagune eta erakusleiho bihurtuko da, ekainaren 5etik 8ra. Bertan, besteak beste, mundu osoko dantzariak, bideogileak, antzezleak eta DJak izango ditugu.

p047_f02_149x101.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Guggenheimeko Zero espazioak, Kafe Antzokiak, Itsas Museoak, Muelle 3 eta 4 aretoek eta Barakaldo Antzokiak hartuko dituzte gaur hasiko den ACT jaialdiaren hamargarren edizioa (nazioarteko sortzaile berrien antzerkialdia) osatzen duten ikuskizunak. BAI (Bizkaiko Antzerki Ikastegia) dugu antolatzaile.

Orain dela hamar urte, Barakaldon eta Bilbon egoitza duen Bizkaiko Antzerki Ikastegiak, lurraldearen indar sortzaile artistikoa azkartzeko asmoz, ACT, Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdia antolatu zuen. Antzokiak eta aretoak aldatu badira ere, artista berrientzat, adituentzat eta ikusleentzat ikur izateko nahiarekin jarraitzen du ACTek. Hezkuntza, lan eszeniko berriak eta nazioarteko harremanak sustatzea eta zabaltzea dauka helburu, horretarako emanaldiak, erakusketak, solasaldiak, ikastaroak eta lehiaketak baliatuz.

Gaurko egitaraua

20 antzezlanetik gora aurkeztuko ditu aurtengo ACT jaialdiak, eta horien artean, lehiatuko diren lanak alde batera lagata, erakusketa ataleko antzezlan bereziak eta aurreko edizioetako irabazleak barne daude.

Herrialde askotako ordezkariak izango dira aurten ere: Italia, Erresuma Batua, Herbehereak, Suitza, Belgika eta Portugal, baita hurbilagotik datozen artistak ere, Andaluziatik edota Euskal Herritik, kasu.

Gaur, «Bakarlan»-en saio bikoitza izango dugu Gugghenheim museoan, 12.00etan eta 18.00etan, jaialdiaren aurrekari gisa.

Lehenengo saioan, Eli Hernandez, sortzaile bilbotarraren «Vértigo» antzezlana ikusi ahal izango dugu (20 minutu); jarraian, Adrian Garcia de los Ojos-en «Rememberme» 15 minutuko performancearen txanda izango da.

Bigarren saioan, Enrico L Ábbate italiarraren 24 minutuko «Cont» lanaz gozatu ahal izango dugu, eta bukatzeko Pierfrancesco Scannavinok «The other» izeneko performancea eskainiko du.

Bestalde, Kafe Antzokian egongo da iazko irabazle bat, Ana Mendes portugaldarra «Selfportrait» lanarekin.

Segituan, Balbir Singh Dance konpainiak (Ingalaterra-India) «Decreasing infinity» lana taularatuko du. Bukatzeko, BAI antzerki eskolako nazioarteko egitasmoari esker ekoitzitako «Cooking Marmitako» antzeztuko da. Zizka-mizka batzuen ondoren, Kafe Antzokian jarraituko du festak, DJen musikak lagundurik, ACT Jaialdiko gauetan orain arte ohikoa izan den bezala.

HELBURUAK

Hezkuntza, nazioarteko harremana eta sortze lan berriak sustatzea eta zabaltzea du helburu ACT jaialdiak.

Fitxa

Non: Guggenheim, Kafe Antzokia, Barakaldo Antzokia, Muelle 3, Muelle 4.

Noiz: Ekainaren 5etik 8ra.

Antolatzailea: BAI, Bizkaiko Antzerki Ikastegia.

Informazio gehiagorako:

http://www.bai-bai.net/act/act13/web/act13

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo