GARA > Idatzia > Kultura

61. Zinemaldiaren aurrekontua iazko ediziokoa baino «pixka bat txikiagoa» izango da

Donostiako Zinema Jaialdiak babesle pribatuetara jo ohi du, eta aurten ere iaz lehen aldiz jaialdia diruz lagundu zuen Gas Natural Fenosa enpresarekin lankidetza hitzarmena sinatu du Rebordinos zuzendariak.

p049_f01.jpg

N.B. | DONOSTIA

Donostiako Zinemaldiaren 61. ediziora bidean atal guztiak lotzen ari dira antolatzaileak pixkanaka, eta atzo babesle ofizialetako bat iragartzeko txanda izan zuten. Datu zehatzik eman nahi izan ez bazuten ere, jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebodinosek aipatu zuen aurtengo aurrekontua iazkoa baino «pixka bat txikiagoa» izango dela aurreikusten dutela, baina irailaren 20an Zinemaldia hasi arte diru iturriak lortzeko ahaleginak egiten jarraituko dutela. Hala ere, Zinemaldiaren babesle ofizialetako bat Gas Natural Fenosa izango dela iragarri zuten, akordioa sinatu baitute. Aurtengoa bigarren urtea da enpresak jaialdia diruz laguntzen duena, eta iazko lankidetzatik bi aldeek etekina atera zutenez, aurten ere elkarlanean aritzea erabaki dute.

Jordi Garcia Tabernero Gas Natural Fenosako komunikazio eta presidentetza bulegoko zuzendari nagusiaren esanetan, konpainiak badaki garai ekonomiko latz hauetan, kultura sektorea murrizketen eragina asko jasaten ari dela, eta horregatik, administrazio publikoen laguntza murriztu bada, alternatiba baliagarri bat dela enpresa pribatuek Zinemaldia bezalako ekimenak babestea.

Hala, Garcia Tabernerok onartu zuen enpresentzat ere une larria dela baina iaz emaitza onak lortu zituztela. «Sinbiosi bat da Gas Natural eta Zinemaldiaren arteko harremana»; izan ere, jaialdiak dirua lortzen du eta aldi berean enpresak, oihartzun zabalagoa euskal gizartean. Iaz Zinemaldiaren babesle izan zenetik EAEn 35.000 bezero izatetik 50.000 izatera pasatu da. «Beldur handia dago interes ekonomikoei buruz hitz egiteko», nabarmendu zuen. Rebordinosek ere ideia berari eutsita, esan zuen Zinemaldia ez dela zita kultural bat soilik, «motore ekonomiko bat ere bada gure lurraldearentzat». Gainera, jaialdiko zuzendariak ez zuen aukera galdu gogorarazteko iaz enpresak hainbat ekintza prestatu zituela Donostian eta publikoaren oso harrera ona izan zutela.

Hala ere, Gas Naturaleko ordezkariak ez zuen zehaztu zenbatekoa den enpresak jaialdiari emango dion laguntza. «Bakarrik esango dut nahikoa handia dela TVErekin batera babesle ofizial nagusia izateko», esan zuen Garcia Tabernerok. Beste babesle horren inguruan, Rebordinosek adierazi zuen oraindik ez dutela akordiorik sinatu ez dutelako elkartzeko aukerarik izan, baina aurreakordio bat badutela baieztatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo