GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nuclenorrek Garoñak lanean jarduteko baimena eskatuko luke PPk legea aldatuko balu

Iberdrolaren eta Endesaren mendeko den enpresak Garoñako zentral nuklearraren itxierarekin zerikusia daukan informazioa bidali dio Madrilgo Gobernuari. Hala ere, PPk ezarritako zergak desagertzen badira, zentralak lanean jarraituko lukeela adierazi du Nuclenorrek.

Ion SALGADO | GASTEIZ

Nuclenorrek Garoñaren itxierarekin zerikusia daukan informazio guztia aurkeztu zuen atzo Industria Ministerioan, indarrean dauden prozedura administratiboei jarraituz. Ustiapeneko Agiri Ofizialei atxikita dagoen gutunean enpresak nabarmentzen duenez, zentral nuklearraren itxierak Madrilgo Gobernuak ezarritako zergekin lotura dauka. Hein horretan, legea aldatuko balitz, instalazioaren jabeak lanean jarduteko baimena berriro eskatzeko aukera aztertuko lukeela adierazi zuen.

Nuclenorrek, Endesaren eta Iberdrolaren mendekoa den elkarteak, berri hau iragarri zuen Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) uztailaren 6tik aurrera Garoñak bete behar dituen baldintzen eta mugen gaineko informazioa eman eta aldeko txostena Industria Ministerioari laga ondoren. Aipatutako datan itxi beharko luke enpresak Burgosko probintzian dagoen zentrala, PPko Gobernuak 2012ko ekainaren 29an onartu zuen ministro agindua aldatu ezean.

Txostenean, Industria Ministerioak urtarrilean eskatu zuena, enpresak Garoña itxi ondoren martxan jarri behar dituen lanen arriskuak aztertu dituzte CSNko ordezkariek. Bukatzeko, gogoratu zuten Espainiako Estatuari dagokiola, ENRESAren bidez, instalazio nuklear guztien itxieraren ardura.

Enpresen interesak

Raquel Montonek, Greenpeacek gai nuklearrei buruz hitz egiteko daukan ordezkariak, CSNren kontraesanak gogor kritikatu zituen. «CSNren azken erabakiak, duela pare bat aste adostu zuenaren aurkakoa denak, egiaztatu egin du Greenpeacek hainbat alditan salatu duena: Industria Ministerioak CSN erabiltzen du Garoñako jabeen interesak defendatzeko, segurtasuna alde batera utziz», ohartarazi zuen.

Ahaldun nagusia

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak atzo iragarri zuenez, berak ez du parte hartuko Madrilgo Gobernuari «erasotzeko» sortu den plan batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo