Unai Mendibil | Bertsolaria eta Araba Euskaraz-eko abestiaren egilea
«Euskaraz egitean sentitzen den hori transmititzen saiatu gara»
Unai Mendibil (1981, Amurrio) datorren igandeko Arabako ikastolen jaiaren kantaren egilea da. «Mihian kili-kili eta euskaraz ibili» leloa du aurten Amurrioko Aresketa Ikastolak antolatu duen jaiak. Ideia horri eutsiz, «euskaraz egitean barnean sentitzen den kili-kilia, zirrara» islatu nahi izan dutela nabarmendu du bertsolari eta Aresketa Ikastolako ikasle ohiak, eta kanta entzunda dena azalduta dago.
Aritz MALDONADO | AMURRIO
Euskaraz aritzeak sortzen duen konplizitateari buruzkoa da Igon Olaguernagak sorturiko kantua. Hitzak Unai Mendibilek idatzi ditu. Biak ala biak Amurrioko Aresketa Ikastolako ikasle ohiak dira. Hori dela eta, berezia izan da beraientzako aurtengo Araba Euskaraz-eko abestia sortzeko ardura izatea. Lan horretan, hamaika kolaboratzaileren laguntza izan dute: Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo, Amaiur taldeko Naroa Gaintza, Imanol Ubeda eta Mikel Markez musikariak, Iñaki Viñaspre bertsolaria eta ikastolako pandero ikasleak, besteak beste. Bitxikeria legez, Canteca de Macao taldeko Txiki ere ausartu da euskararekin.
«Mihian kili-kili eta euskaraz ibili» lelotik abiatuta idatzi dituzu abestiko hitzak. Zer transmititu nahi izan duzu?
Leloa niri eman egin zidaten, ez da nirea; uste dut Roberto Trujillanok asmatu zuela. Azaldu zidaten zein zen ideia eta zer transmititu nahi zuten, eta, hortik abiatuta, hitzak idatzi nituen. Niri eskatu zidaten, ba, nolabait, transmititzeko euskaraz hitz egiterakoan barnean sentitzen den kili-kili hori, zirrara berezi hori. Hori oinarri hartuta, ideia batzuk irten ziren; hori izan zen abiapuntua. Gure eremua erdalduna da nagusiki eta euskara ikastolan ikasi dugu gehienok, bai behintzat gure belaunaldikook; horregatik, euskaraz egitean «zerbait» sentitzen dugu guk, eta hori transmititzea zen helburua.
Ikastolako ikasle ohia da Igon Olaguernaga ere, eta, bera ez ezik, beste kolaboratzaile asko ere izan ditu abestiak. Amurrioko euskaldunon artean gertutasun moduko bat dagoela esan al daiteke?
Musika Igon Olagunernagak sortu du. Mandoile taldeko kideak gara biok, ni abeslaria eta bera trikitilaria; ikastolako belaunaldi berekoak gara, adin berekoak, ikastalde berekoak. Finean, dena egin dugu batera. Eta kolaborazioak egiteko ezagunak diren pertsonak gonbidatu ditugu, baina gure gertukoak guztiak ere. Oso gustura egon gara elkarrekin.
Nolakoa izan zen abestia grabatzeko prozesua? Eta bideoklipa egitearena?
Dena ondo joan zen. Abestiaren grabaketa Donostian egin genuen, Elkarrek bertan dituen estudioetan. Goizean goizetik umeak, ikastolako ikasleak, izan ziren grabatzen. Gero, kolaboratzaileen txanda heldu zen: ni neu, Iñaki Viñaspre, Arantza, Zuriñe, Imanol Ubeda, Mikel Markez... Guztia bikain joan zen. Bideoaren grabaketa, berriz, Aresketa Ikastolan bertan egin genuen. Luis Vil amurrioarrak zuzendu zuen prozesua, bere esku egon zen guztia; berak idatzi zuen gidoia, bera izan zen arduraduna... Hiru egunetan grabatu zen guztia ikastolako ume, guraso eta parte hartu duten abeslariekin.
Amurrio gune erdalduna dela aipatu duzu. Zer ekarpen egiten dio Aresketa Ikastolak eskualdeari?
Guretzat, gure garaian, ikastolaren irekiera izugarria izan zen. Kristoren lan pila egin behar izan zen; jende askok bizitza osoa eman du bertan lanean. Horregatik, gure adineko jendearentzat oso garrantzitsua izan da ikastola bizitza euskaldun bat aurrera eraman ahal izateko.
Zer oroitzapen gordetzen dituzu ikastolako ibilbide horretatik?
Niretzat oso berezia izan zen. Txiki-txikitatik hasi nintzen bertan, eta urte polit asko eman nituen bertan. Gainera, nik ikastolari zor diot euskalduna izatea eta egungo bizimodua nik nahi dudan moduan antolatu ahal izatea. Horrez gain, bost urte daramatzat ikastolan bertsolaritzako irakasle bezala, orduan, niretzat ikastola nire familia da. Oso berezia da.
Hitz batean definitzerik?
Niretzat ikastola etxea zen. Tratu ezin hobea jaso nuen, nik behintzat bai, baina uste dut guztiok ere tratu bikaina jaso genuela. Niretzat familia txiki bat zen, etxeko familia eta ikastolakoa.
Gogoratzen dituzu aurreko Araba Euskaraz jaiak?
Pare batena gogoratzen naiz, bai. Beti prestatu behar izaten ziren gauzak eta herrian mugimendu handia sumatzen zen, bai ilusio aldetik, bai lanerako jende piloa izaten zelako prest. Jende asko batzen ginen, eta, batez ere, guztiok izaten genuen ilusioa gogoratzen dut.
«Kolaborazioak egiteko ezagunak diren pertsonak gonbidatu ditugu, baina gure gertukoak guztiak ere. Oso gustura aritu gara elkarrekin»
«Ikastolaren irekiera izugarria izan zen. Kristoren lan pila egin behar izan zen; jende askok bizitza osoa eman du bertan lanean»