GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hilarritik dator notizia...

Euskaldunona herri garaiezina zela, eta erromatarrak ere uxatu zituela... Bai zera!, kimera! esango lukeela beheko monarkak. Elefanteen belarriak gogoan, eta kalean aterkin. Usteak ustel! Edo umel!, azken boladan esan legez. Tira, eukaristiaren ogira! Pretore erromatar baten hilarrian topatu ei dute aurkitzen ari zirena. Hots, hots, bizion oinok... Kristo ondoko I. eta II. mendeen bueltan, Jainkoak berak baleki!, Erromaren administraziopean omen ginen; are gehiago, erroldaturik egon ziren baskoiak, erroldaturik izan gintuzten erromatarrek. Omen. Amen. Ikerketa abiatu baino ez badute ere, litekeena da hilarrian zantzuren bat edo beste aurkitzea garaian Udalbiltza izan bazela egiaztatzeko. Kontuan hartu beharrekoa litzateke jainkoa eta lege zaharren zerbitzura ei direnentzat. Amen.

Ez nau harritzen hilarrikoak. Holakorik ez zatekeen inongo harrian aurkituko garaiko gorpuak erraustu izan balira, pretoreenak barne. Bada ez, nahiago izan zuten pretoreen gorpuak atez ate jaso eta hilerriratu, nork bere hilarriarekin. Akabua gero! Total, Erromaren menpe! Hobeto ulertzen dut orain euskaldun fededunen kontu hori. Hara! Zer eta katedrala, non eta munduko Bilbon. Agur Ben-hur!. Aspaldiko partez ez zuen mundu horretako katedral batek hainbeste fededun biltzen, sentimendua azaleko fededun esan nahi dut. Lastima, azken partida Bilboko munduko selekzioarekin jokatu izana! Gehiago espero nuen, apaizen koordinadorarekin jokatzea, behintzat! Edo kanpoko munduan misiolari izandakoen seme-alaben koordinadorarekin, gutxienez. Bada ez. Tira, harira! Erromaren menpe esan dut? Ez! Gipuzkoak Sodoma eta Gomorraren bide bera hartu zuen, nahiz eta ipurdia garbitzeko paperik gabe geratzeko arriskuan bizi harrezkero. Gaitz erdi, pretoreen hilarriek ertzik duten bitartean!

Total, gauza bat segurua da! Armen uztea ez da katedralaren berdegunean izango. Alternatiba behar, horretan ere. Pretoreen patronalak berari entregatzea nahiko bide du, gero Sirian saltzeko, Euskadi markarekin edo; alde batekoei edo beste aldekoei, edo alde biei batera, enkantean. Lehiakorrak ez du leiala esan nahi. Hori bai, diskrezioz, badaezpada. Jai dute hangoek! Horretan gu baino hobeto gaude. Euskadik hurrengo urtean ez du momentuz jairik! Hori marka!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo