GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurpeko gasak aztertzeko ikerketa sismikoak abiatu dituzte Orozkon

Orozkoko Udalak gasak aztertzeko ikerketa sismikoak abiatu dituztela baieztatu du aste honetan. Aldundiko eta Gorbeiako Parkeko errepideetan ari dira lanak egiten. Apirilean, Bizkaiko herri hau «fracking»-ik gabeko herri izendatu zuten Osoko Bilkuran.

GARA | BILBO

Orozkoko Udalak ohar bidez jakinarazi du lurpean egon daitezkeen hidrokarburo arruntak eta gasak aztertzeko ikerketa sismikoak hasi direla. Ikerketak joan den ostegunean abiatu ziren BI-3516 errepidean, Aranguren eta Bikotx Gane artean eta, BI-4514 errepidean, Ibarra eta Usabel artean. «Hasieran aztertu nahi ziren errepideak beste batzuk ziren, auzokideen lur eremuetakoak, baina Udalak partikularrei abisatu ondoren lanak egiten dituen enpresak ibilbidea aldatzea erabaki zuen; beraz, lan guztiak Aldundiko eta Gorbeia Parkeko errepideetan egingo dira bakarrik», zehaztu du.

Udalak aditzera eman duenez, geofonoak jarri dituzte errepide ertzean eta horien bidez jasotzen dira azterketarako erabiltzen ari diren kamioi-bibragailuek bidaltzen dituzten uhinak. Lan hauek, oharrak gaineratzen duenez, 2012ko abenduaren 4an Lakuako Gobernuak emandako SAIA deritzon baimenari dagozkio. «Beren helburu nagusia hidrokarburoen sorrera eta arroka biltegi potentzialak gordailatzeko eremu onenen kokapena egiaztatzea da», azaldu dute. Baimen honen inguruan zenbait talde eta herritarrek mesfidantza agertu dutela ere onartu du, ordea: «Francking Ez Aiaraldea plataformak zein herritar askok uste dute ikerketaren emaitzak erabiliko direla gasa ezohiko bitartekoekin lortzeko; hau da, fracking bidez», azaldu du.

Gogora ekartzekoa da, zentzu honetan, apirilean Orozkoko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek (ADIE, EAJ eta Bildu) frackingaren (haustura hidraulikoa) aurkako mozioa aho batez onartu zutela. Haren bidez frackinga erabilita lurpea ustiatzeko eta gasa erauzteko jarduerak baztertu eta horiekiko desadostasuna adierazi zuten. Mozioak, era berean, «frackingik gabeko udalerri» izendatu zuen Orozko.

eztabaida

Hilaren 21ean SAIA proiektuari buruzko eztabaida egingo dute Orozkon. Iragarri dute Shesa hidrokarburo enpresako eta Fracking Ez Arabako zein Aiaraldeko ordezkariek parte hartuko dutela bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo