Sexu berekoak ezkondu nahi ez dituela-eta, Colok auzapez kargua gal lezake
A. MANTEROLA |
Jean-Michel Colo Arrangoitzeko alkateak bikote homosexual bat ezkontzeari uko egin ostean, «legea betetzeko derrigortasuna» oroitarazteko ohar bat kaleratu du Pirinio Atlantikoetako prefetak. «Kontzientzia eragozpena» ezin dela argudiatu nabarmenduta, ezkontzeko eskaera egin dutenek ezezkoa jasotzen badute, diskriminazio salaketa jartzeko aukera dutela ohartarazi du. Bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 eurorainoko isuna jaso lezake auzapezak. Administratiboki «hilabete batez gaitasungabetu» lezakete eta Ministro Kontseiluak kargugabetzea ere erabaki dezake.
Estatu frantsesean denentzako ezkontza eskubidea aitortzen duen legea onartu zenetik, Colo izan da hori betetzeari uko egin dion lehen auzapeza. Pertsona homosexualen defentsarako taldeen kritikak jaso ditu, baina sostenguak ere bai, tartean, Baionako apezpikuarena eta Urruñako auzapezarena.