GARA > Idatzia > Kultura

Blas de Otero bilbotarraren berrogei urtetako lana biltzen duen lehen liburua plazaratu dute

Blas de Otero idazle bilbotarrak 1935 eta 1977 artean idatzi zituen lan guztiak bildu dituzte lehenengoz «Obra completa (1935-1977)» izeneko argitalpenean. Galaxia Gutenberg argitaletxeak plazaratu du liburua.

p041_f01.jpg

GARA | BILBO

Olerkia eta prosa biltzen dituen «Obra completa (1935-1977)» liburuak Blas de Oterok bizi artean argitaratu zituen obra guztiak jasotzen ditu, bai eta hil ondoren argitaratutako «Hojas de Madrid con La galerna» eta argitaratu barik utzi zituen «Poesía e Historia» (olerkia) eta «Nuevas historias fingidas y verdaderas» (prosa). Horrez gain, idazlanak eta biografia biltzen dituen argitaratu gabeko «Historia (casi) de mi vida» lan laburra ere jasotzen du.

Sabina de la Cruzek, idazlearen alargunak, argitaratu gabe eta sakabanatuta zeuden bere gazte denborako zenbait poemari esker, Oteroren poesiaren ikuspegia biribildu du. Bera da idazlearen lana gehien aztertu duena eta eskuizkribuak eta inprimakiak konpultsatuz idazlearen lana bateratzea lortu duena.

2012an «Hojas de Madrid con La galerna» argitaratu ondoren, Blas de Oteroren (Bilbo, 1916 - Madrid 1979) paperen eta azken borondatearen jasotzaile izan zen Sabina de la Cruz eta berarekin aritu den Mario Hernandez irakaslea izan dira «Obra completa» prestatzeaz arduratu direnak. «Argitalpenaren zorroztasunarekin batera, poetaren behin betiko errebelazioa aberasten duten testu eta albiste osagarriak ikus daitezke», adierazi zuen poetaren alargunak.

Atzo azaldu zutenez, Blas de Otero bere lan osoa argitaratzearen aurka azaldu zen bizirik zenean, editoreek hori egiteko eskaria behin eta berriro egin arren. Hala ere, edizio hau irakurleen eskuetara helduko da orain, «kontu handiz bildua, antolatua eta akatsik gabea», urte luzez Sabina de la Cruzek, Garcia Lorcaren editore Hernandezen laguntzarekin, egindako azterketa eta sailkapen lanari esker, esan zutenez.

Liburua gaur aurkeztuko da jendearen aurrean, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldi aretoan, 19.30ean. Ekitaldian, Sabina de la Cruz eta Mario Hernandez izango dira, Bilboko Udaleko eta Lakuako ordezkariekin batera. Aurkezpen ekitaldia osatzeko, Jose Fernandez de la Sota poetak zenbait olerki irakurriko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo