Juan M. Sansinenea, Marisa Urra | Industria Ingeniaritzan doktorea eta Merkataritza Zientzetan lizentziaduna, hurrenez hurren
Autokritika egin bai, baina nortzuek egin behar dute?
Egiaren Batzorde bat proposatzen da alde batzuetatik. Askoz zentzuzkoagoa iruditzen zaigu hori, espainolismoaren krimenen ezkutatzea besterik bilatzen ez duen batzuen «autokritika» baino
Gauza asko leporatu dakioke espainolismoari, baina ez, inolaz ere, herri honek azken 80 urteetan sufritu duen minean, bere ardura eta errua ezkutatzeko trebetasun falta. Une honetan, ETAren jarduera armatuaren amaiera gauzatu denean, Gasteizko Legebiltzarrean Bizikidetza Plan baten proposamen berri bat aurkeztu da eta plan horretan, hainbeste gauza deigarriren artean, badago bat azpimarratua izatea merezi duena: herri honetako bortxakeria analizatzeko finkatu duten hasierako data. Data hori 1960. urtea da.
Kasualitatean sinesten ez dugunok eta, alderantziz, kausalitatea filosofiaren oinarrizko printzipio bat dela sinesten dugunok data horren aukera ideologia eta interes politikotik bultzatuta izan dela ziur gaude. Bizikidetza Plan horretan, bortxakeria aztertzerakoan, hasierako data urte horretan ipintzen bada, non eta zergatik sortu zen ETAren jarduera armatua guztiz testuingurutik kanpo gelditzen den galdera da. Agian, garai hartako euskal herritarren belaunaldi oso batek DNA arazo masibo bat izan al zuen eta horrek erantzun armatua ekarri al zuen? Baina garai hori bizi genuenok badakigu hori ez zela horrela izan. Baina hori da, hain justu, espainolismoak sinetsarazi nahi diguna.
Errealitatea garai hartan eta lehenago ere, 1936tik aurrera, hain zuzen, herri honetan espainolismo sutsuak inposatutako diktadura oso gogor baten pean bizi ginela da. Diktadura horrek gure herriaren eskubide oinarrizkoenak ukatzen zituen eta gure herria desagertzera kondenatua zegoen. Helburu horrekin frankismoak Espainiaren batasunaren aldeko eta Espainia ez ziren Estatuko beste nazioen aurkako neurri zorrotzak hartuak zituen. Neurri horien artean, euskararen aurkako jazarpena eta euskal adjektiboa zeraman edozein jardueraren aurkako errepresio gogorra zegoen. Zer esanik ez, eskubide politiko oinarrizkoenak -erregimenak emandakoekin bat etortzen ez baziren- debekatuta zeuden. Testuinguru horretan, hau da, herri honetako ukazio politikoan, ETA jaio zen. ETAren lehenengo ekintzen lekukoak izan ginenok oso ondo gogoratzen dugu zeintzuk izan ziren lehenengo helburuak: torturatzaileak, erregimen frankistarekin kolaboratzaile sutsuak, errepresio indar polizialak, etab. Egia da, frankismo formala bukatu zenean eta post-frankismoa etorri zenean ETAren jarduera armatua ez zen bukatu, baina egia da ere, post-frankismo horrek (gaurdaino) ez zuela inongo bide demokratikorik eman herri honetako gizartearen multzo handi baten askatasun eta independentzia nahiak asetzeko. Hor zeuden, eta daude oraindik, Konstituzioak Estatuaren batasunaren alde ipinitako mugak.
Testuinguru horretan orain, ezker abertzaleari zuzendutako eta «autokritika»-ren aldeko eskakizun «etikoak» hasi dira entzuten. Zinismoaren gaindia da, ahots horien artean, lehenengo lerroetan, erregimen frankistaren ideologia berbera -Estatuaren batasunaren defentsan eta hainbeste alorretan- dutenak, erregimen kriminal hori justifikatu dutenak eta inoiz erregimen horrekin beraien lotura ideologiko eta pertsonalak moztu ez dituztenak izatea, hau da, PP alderdikoak. Baina «eskakizun etikoaren» lan horretan PP alderdikoak ez daude bakarrik. PSOE eta EAJ alderdien laguntza estimagarria dute. Kuriosoa da Gerra Zikinarekin eta torturaren erabilera masiboarekin Estatu baten erro berberak usteldu zituztenak eta krimen horiengatik ez bakarrik merezi zutena ordaindu ez zutenak, barkamenik ere eskatu ez zutenak, horiek agertu dira «lan etiko» horren alde, PPkoengandik gertu. Une honetan eta behar etikoen defendatzaile sutsu horiei, Schopenhauer filosofo alemaniarrak botere publikoek egindako krimenaz esaten zuena gogorarazi behar zaie: Krimen horiek egin daitezkeen latzenak dira. Schopenhauerrentzat krimen horiek «injustizia bikoitza» motakoak (Doppelte Ungerechtigkeit, bere hitzetan) dira; hau da, bere lan eta beharrengatik justizia egitera behartuta daudenek kontrakoa egiten dutenean egiten dituztenak. Eta Estatua legea gordetzeko dago, ez krimenak ordaintzeko, eta poliziaren lehengo betebeharra, atxilotuen integritateaz arduratzea da eta ez torturatzea.
EAJk ere, ingelesez esaten den bezala, has not a clean record either. Lehen aipatzen genituen Gerra Zikinaren garaietan, hiru probintzietako EAJ-PSOE Jaurlaritzak zeuden. Betebehar etikoetan hain estua den -beste batzuentzat, noski- EAJk, ez zuen arazo handirik izan, mahaia eta mahai-zapia konpartitzeko krimen horietan buru-belarri sartuta zeudenekin. Gero, askoz geroago, nonbait «sudurra estalita» boterea partekatzera behartuta izan zirela jakin dugu. Egoera horretan, EAJkoek asko sufritu zutela, duda izpirik ez dugu, baina hain maila etiko altua omen duen alderdi batentzat ez dirudi, kasu honetan bederen, eman behar zuen maila eman zuenik. Berriro, betiko EAJren Realpolitik-aren beste eredu bat. Bestalde, gutxik ukatuko dute (bultzatu dutenen salbuespenarekin, noski) herri honetan, tortura fenomeno masibo eta oso larria izan dela. Egia da ere fenomeno horren kasu nabarmenen aurrean (Joxe Arregi, Unai Romano, Mikel Zabalza, etab.) EAJren salaketak publikoak izan direla. Baina herri honetan inoiz ez da ikusi EAJren torturaren aurkako enfrentamentu erradikalik, fenomeno horrek, eta batez ere etikaz hitz egitea hain gustuko zuen alderdiaren kasuan, exijitzen zuen bezala. EAJk ez du arazo handirik izan Madrilen agintzen zutenak, tortura praktikatzen zutenak (edo baimentzen zutenak), bere botoekin sostengatzeko.
Hor ditugu, adibidez, Zapateroren azken gobernu agonikoak. Berriro diogu, hain maila etiko altua defenditzen omen duen alderdiaren -EAJren- lehenengo exijentzia tortura babesten zuten legeen ezabatzea izan behar zen -baita beste praxi antidemokratikoak ere: presoen sakabanaketa eta Alderdien Legea, batez ere-. Baina horiek ez ziren izan EAJk mahai gainean ipini zituen kontrapartidak. Nahiago izan zuen, lau transferentzien truke, Patxi Lopezen Jaurlaritza barregarri uztea. Berriro, betiko Realpolitik-a.
Espainolismoak eragindako bortxakeriaz hitz egiten genuen. Hori eta euskal erantzun motako bortxakeriaren arteko desberdintasuna ez dago bakarrik bien neurrietan -askoz handiagoa, espainolismoarena; pentsa dezagun bakarrik frankismoaren krimen masiboetan-, inpunitate edo zigorgabetasun graduetan ere bai. ETAren bortxakeriaren aurka erabilitako mota guztietako metodoak, legalak eta ilegalak: erailketak, gerra zikina, ad-hoc legeak, dispertsioa, torturak, espainiar legeen aurkako erabakiak, eta abar, espainolismoak egindako krimenek izan duten erabateko zigorgabetasun praktikoarekin alderatzen baditugu, ez dago asko esan beharrik.
Une berri hauetan, gure bizikidetza sustatzeko erabaki berriak hartzera behartuta gaude. Egia da gure herrian, aspalditik datorren gatazkan gertaera latzak, oso latzak ezagutu ditugula. Gertaera horiek ez ziren etorri ETAren eskutik bakarrik. ETArenak ez ziren ez handienak -bolumenengatik-, ezta lehenengoak ere. Askoz gehiago, eta denak zigorgabe, frankismoarenak. Orain behar duguna ez da batzuek eskatzen duten «autokritika» antzu hori, bortxakeria guzti (bai, guzti) horren ikerketa serioa baizik. Frankismokoarekin hasita. Egin dezagun, adibidez, tortura kasuen (5.000 kasu baino gehiago nonbait salatuak, baina 10.000raino irits daitezkeenak) ikerketa serio bat, zigor penalak bilatzen dituena. Egiaren Batzorde bat proposatu da alde batzuetatik. Askoz zentzuzkoagoa iruditzen zaigu hori, espainolismoaren krimenen ezkutatzea besterik bilatzen ez duten batzuen «autokritika» baino. Orain, eta bukatzeko, espainolismoaren krimenak gogoratzerakoan, Niccolo Machiavelli-ren, gai hauetan maisuaren hitzak etortzen zaizkigu gogora: «Coloro che vincono, in qualunque modo vincano, mai non ne riportano vergogna» (Irabazten duten horiei, edozein modutan irabazita ere, garaipen horrek ez die inoiz lotsa erakartzen).