GARA > Idatzia > Euskal Herria

Onerako aldaketak eta erronkak nabarmendu ditu Garitanok

GARA |

«Gipuzkoa beste norabide batean jartzea lortu dugu, ezkerreko norabidean eta herri eraikuntzaren norabidean». Adierazpen hauekin laburbildu zuen atzo Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak bi urteko legealdiaren balantzea.

Norabide berri horren ezaugarri nagusietako bat da, bere hitzetan, «bizitzea merezi duen bizitza» sortu izana, alegia, «emakume eta gizonak berdintasunean, inor baztertu gabe eta guztion elkarlanean eta elkartasunean oinarritutakoa».

«Norabide aldaketa hutsa ez» dela izan erakusteko, hainbat ekimen eta proiektu jarri zituen adibide gisa.

Batetik, Euskal Herriaren normalizazio politikoa lortzeko bidean, eta Aldundiak erakundeen arteko funtzioa «ezinbestekoa» dela iritzita, Aieteko adierazpenean zein foro sozialean erakutsi duen «erabateko inplikazioa» aipatu zituen, baita propio osatu duen Giza Eskubideak, Oroimen Historikoaren Berreskurapenean eta Bizikidetza Zabaltzeko Plana ere.

Herri gisa erantzute hori konponbide politikoa lortze aldera ez ezik, arlo sozialera ere bideratu dutela gogorarazi zuen. Hor kokatu zituen Garitanok Madrildik nahiz beste leku batzuetatik heldu diren murrizketen aurrean hartutako neurriak. «Dagokien gipuzkoar guztiek Dependentzia Legean bere garaian zehaztutakoa jasotzen jarrai dezaten hamar milioi eurotik gora inbertitu ditugu; Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzak bideratu ditugu; foru langileei 2012an 14. soldata ordaindu genien...», aipatu zuen, besteak beste.

«Orain arteko injustiziari aurre egiteko» fiskalitate arloan egindako aldaketak ere mahai gainean jarri zituen, baita aurrekontuetan herritarren ekarpenak jasotzeaz gain, Bilduk zuzentzen duen Aldundiak bi urtetan aurrekontu akordioak lortu dituela.

Etorkizunari ere begiratu zion ahaldun nagusiak. Erronka nagusiak dira, besteak beste, euskararen arloan 2015erako Gipuzkoako Aldundiak zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko abiaraziko duen plangintza.

Enpleguen kalitatea ere erronketako bat da, «eskumenik ez dugula jakin arren», ahal den neurrian lan publikoetan enpresa guztiek herrialdeko hitzarmen kolektiboa errespetatzen dutela bermatu nahi dugu.

Parte hartzea sakontzea, bake prozesuan laguntzen jarraitzea edota nazioarteko harremanak lantzea dira Aldundiak dituen beste proiektuetako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo