GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherrik nagusi zein den erakusteko asmoarekin jarraitzen du


J.L.

Leioan jokatuko da gaur, 17.30ean, 640 kiloko azkeneko jardunaldia. Txapela ia poltsikoan duela arituko da Goiherri. Garaipena ez lortzeko lan oso txarra egin beharko luke gaur, eta kirolean mirariak gutxitan gertatzen dira. Beraz, esan daiteke, Erandiokoek denboraldiko bigarren txapela lortuko dutela gaur arratsaldean.

Bigarren posturako gauzak estuago egongo diren itxura dauka. Oso parekatuta dabiltza Goiherri B, Mutriku eta Gaztedi A. Hiru horien artean egongo dira bigarren, hirugarren eta laugarren postua. Erandiokoen nahia sailkapeneko lehen bi postuak beraientzat izatea da, eta hori lortuko balute, sekulakoa izango litzateke.

Azkeneko bi postuak, berriz, erabakita daudela dirudi. Orain arteko bi saioetan Gaztedi B taldeak mendean hartu du Getxo, eta azken hauek tiraldirik irabazi gabe dabiltza orain arte.

Giza-proba

Giza-proban, Gipuzkoako Txapelketako B multzoko bigarren kanporaketa jokatuko da gaur 18.00etan Urretxuko probalekuan. Herriko taldea, Aiztondo eta Zizurkil neurtuko dira. Itzulerako saioa izango da, lehenengoa Aian jokatu baitzen. Orduan Urretxu izan zen nagusi, eta bera izango da finalean sartzeko faborito nagusietako bat. Bigarren postuan sailkatu zen Aiztondo, eta honek ere Zizurkil baino errazago dauka.

Hala ere, jokatu egin beharko da eta zer gertatzen den ikusi. Zizurkilek finalean izan nahi baldin badu, oso lan ona egin beharko du, bestela zaila izango du azkeneko ekitaldian aritzea.

Zortzi lagunekin osatutako taldeak izan beharko dute, eta 600 kiloan sartuta. Hortik pasatzen direnek, kiloko bi kilo gehiago eraman beharko dituzte harriaren gainean. Talde bakoitzak 20 minutu izango ditu lanean aritzeko. Saio hauek ikusleen aldetik ikusmin handia pizten dute, eta gaur ere jendetza bilduko da Urretxun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo