Hendaiakoa eta ikastola guztiak defenditzeko mobilizatzen ari da Seaska
A. MANTEROLA |
Gaur Baionan izango den manifestazioaren atarian, Hendaian 250 bat lagunek ikastolatik udaletxerainoko bidea egin zuten atzo, kalejiran.
Ikastola berria egiteko proiektua defenditzea zuen xede mobilizazioak, eta bide batez Udalak eraikuntza horretan laguntzeko erabakia agertu ostean suprefetak horren aurka egin izana salatzea.
Izan ere, aspaldiko Falloux legean oinarrituta, Estatuko ordezkariak hezkuntza-proiektu pribatuak laguntzea legez kanpokoa dela jakinarazi dio Herriko Etxeari eta deliberoa erretiratzeko eskatu dio.
Hendaiakoa ez ezik, Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak lanjerean jarri dituztela adierazi zuen Seaskak berria jakin bezain laster, baita gaurko mobilizaziora deitu guraso, euskaltzale eta euskal herritar oro ere. Erakunde eta talde asko atxiki zaizkio deialdiari, besteren artean, Euskal Konfederazioa, Diwan, EHBai eta Akitaniako Berdeak.
Manifestazioa Santa Gurutze auzoan dagoen Gaskoinen plazatik abiatuko da 15.00etan.