GARA > Idatzia > Mundua

Lehen ministroaren 24 orduko dimisioak Aginte Palestinarraren krisia azaleratu du

Rami Hamdalah lehen ministro palestinarrak dimisioa eman eta 24 ordura atzera egiteak Aginte Palestinarraren baitako krisi larria agerian utzi du. Bi lehen ministro-ordeek boterea murrizten diotela-eta utzi zuen kargua, baina Abbas presidenteak segitzeko konbentzitu du.

GARA |

Rami Hamdalah lehen ministroaren dimisio laburrak -ostegunean kargua uztea erabaki eta atzo atzera egin zuen- Aginte Palestinarrak krisi larria duela agerrarazi du. Ekainaren 2an karguaren zina egin zuen Unibertsitateko irakasleak iragan ostegunean dimisioa aurkeztu zuen, etsita bi lehen ministro-ordeekin boterea partekatu beharragatik. Biak Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko presidenteak inposatu zizkion. Atzo, Ramallah-n, Abbasek Hamdallah karguan jarrai dezan konbentzitu zuen eta lehen ministroak bere dimisioa ezeztatu zuen.

Dimisioa aurkeztu ondoren, Hamdalahk Ramallah -erakunde palestinarren egoitza- utzi zuen eta bere etxera, Tulkaremera, itzuli zen. Bertara bidali zizkion ordezkariak Abbasek, erabakia bertan behera uzteko eskatzeko. Bere aurreko Salam Fayyad-ek ez bezala, Hamdalahk bi lehen ministro-orde ditu gobernua zuzentzeko: Ziad Abou Amr eta Mohamad Moustafa (Palestinako Inbertsio Funtseko presidentea eta presidentearen ekonomia aholkularia).

«Abbas presidenteak Mohammad Moustafari Munduko Bankuarekin hitzarmenak sinatzeko agintea emateak sua piztu zuen», azaldu zuen Hamdalahren inguruko iturri batek.

Bassam Salhi Palestinako Herriaren Alderdiaren idazkari nagusiaren hitzetan, «Hamdalahren dimisioak sistema politiko palestinarrean dagoen krisia baieztatzen du». Abdelmajid Souilem politologo palestinarraren iritziz, «ezin du lehen ministroa izan, bi arloetan boterea murrizten badiote. Hamdalah ez zegoen pozik egoera horrekin eta kargua behin-behineko eperako baino ez zuen onartu. Hala erakusten du Napluseko Al Najah Unibertsitateko presidentetza utzi ez izanak». Lehen ministro izendatu zutenetik, Hamdalahk esan zuen panorama politikotik desagertu nahi zuela, batasun nazionaleko gobernu batek ordezkatuta, Hamas eta Al Fatahren arteko adiskidetze hitzarmenari jarraituz. Joan den maiatzaren 14an, bi alderdi palestinarrek hiru hilabeteko epea ezarri zuten adiskidetze hitzarmeneko puntu garrantzitsuak adosteko, eta, behin-behineko exekutiboa osatuz hauteskundeak antolatzeko.

«Hamdalah ezagutzen dutenek gizon zintzoa dela diote. Horregatik harritu ziren kargua onartu zuenean; ez, ordea, hain azkar uzteak», plazaratu zuen «Al-Quds al-Arabi» egunkariak. «Mukataren oihanak -presidentetzaren egoitza- ez du uzten halako pertsona batek lehoien eta hienen artean bizirauterik. Hamdalahk gobernuan azken hitza izan nahi du, baina Aginte Palestinarrak txotxongilo bat baino ez du nahi», gaineratzen zuen.

hildakoa harresian

Israelgo segurtasun-zaindari batek judu bat hil zuen Erosten Harresian, eraso egin behar zion palestinarra zelakoan. Poliziaren esanetan, «Ala Akhbar» (Ala handia da) oihua entzun zuen segurtasun zaindariak eta tiroz josi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo