GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizko Guduaren bigarren mendeurrena polemika artean hasi da

1813an Napoleonen tropak Gasteiz suntsitu ezin izan zuela ospatzen du hiriak egun hauetan, atzo bete baitziren berreun urte Wellingtoneko dukeak eta Alava Generalak Jose Bonaparteri sarbidea eten ziotenetik. Une hori oroitzeko hainbat ekitaldi egin dituzte jada, eta beste hainbat egingo dituzte asteburu honetan. Horien kudeaketak arazoak sortu ditu udal batzordean, alegia, Javier Maoroto alkatearen eta EH Bilduren arteko eztabaida sortu da Interneten.

p054_f01_148x092.jpg

GARA | GASTEIZ

Urte hasieratik ari dira gasteiztarrak 1813an Napoleonen tropak hirian sartu eta suntsitzea lortu ez zuela ospatzen, baina atzo hasita -berreungarren urteurrenaren egun zehatza atzo izan baitzen- eta igandera bitartean daude programatuta ekitaldi nagusienak. Horien artean, ikusgarrienak borrokaldien errekreazio historikoak dira, ehundaka pertsonak hartzen dutelako parte.

Ikuskizun horiekin, hain zuzen ere, hasi zen gatazka Gasteizko udal batzordean, Twitter sare sozialaren bidez. Gasteizko EH Bilduk salatu zuen Javier Maroto alkateak (PP) dirutza xautu duela errekreazio horietarako bolbora erosten, eta honek erantzun zuen «seguruenik Sortuk merkeago lortzen badakiela». Bolboraren eztabaida alde batera utzita, Marotok atzo Gasteizko Batailako heroiei egindako lore eskaintza bideratu zuen. Baina, EH Bilduren ustetan ez zen omenaldi soil bat izan eta PPk ekitaldia «desfile militar espainola egiteko aprobetxatu» zuen. Izan ere, alkateak ongietorria eman zien armada espainoleko zein Guardia Zibilaren ordezkariei. «Denbora luze honetan PPk saldu digu batailaren oroitza kultura ekitaldi bat zela, baina imaginatzen genuen bezala, hortaz baliatu dira Espainiarik zaharkituena ekartzeko», salatu zuen EH Bilduk ohar baten bidez. Kike Fernandez de Pinedo ordezkariaren ustez horrek argi uzte du zeintzuk diren haien lehentasunak.

Historia ikasteko aukera

Asteburu honetan Gasteizen izango diren emanaldiak politikatik bananduz, gasteiztar guztiek duela bi mende gertatutakoaren berri izateko aukera izango dute, hori baita ospakizunen helburua: Napoleonen gainbeheran gakoa izan zen bataila bat ezagutzera ematea.

Horretarako, goizean hasita eta egun osoan zehar Gasteiz XIX. mendeko hasierara itzuliko da. 11.00etan Armeria Museoak haurrentzako tailer bat jarriko du martxan, zeinetan txikiek Wellingtoneko dukea eta Alava Generalaren berri izango duten, haiek izan baitziren Napoleonen anaia, Jose Bonaparte, hiritik uxatu zutenak.

13.00etan, Andra Mari Zuriaren plazak Bertso-Trama emanaldia hartuko du. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Oihane Perea batailan parte hartu zuten pertsonaien azaletan jarri eta gertatutakoa kontatuko dute, euren paperetik atera gabe.

Bien bitartean, 12.00etan, Argantzunen gudaren errekreazioetako bat egingo dute. Jose Bonaparte eta bere soldaduak Argantzungo zubitik pasatzen saiatu ziren Gasteizera gerturatzeko, baina aliatuak ohartu eta bertan egin zieten aurre. Borrokaldian Armentiako zelaietaraino iritsi ziren, eta une hori ere gogora ekarriko dute 19.30etan. Guda antzezlanetan ere ikusi nahi ez duenak izango du aukera une horretan mokatu bat jateko, ordu berean ospatuko baitute Urrezko Zeledoien plazan dastaketa gastronomikoa. Musika, berriz, Arabako Abesbatza Federazioak jarriko du, erdigunean arituko baita. 22.00etan hasiko den «La ciudad salvada» ikuskizunak, Jesus Guridi Konserbatorioko musikariekin, Alava Generalaren irudia goraipatuko du Andra Mari Zuriaren plazan.

Bihar, ordea, azken errekreazioa izango da, Alava Generala Gasteizera iritsi zen unekoa. Honi esker hiriaren setioa ekidin zuen, inork ezin izan baitzuen -ez soldadu napoleonikoak ez aliatuak- ahul zegoen hirian sartu eta arpilatu.

Ikuspuntu belikoaz gain, kuttu eromantikoa Montermosoko markesak ematen dio istorioari, Jose Bonaparteren maitalea baitzen. Honen berri izango dugu «Vittoria» antzezlanean. Ortzai antzokian dago ikusgai ekainaren 30era arte.

Gasteizko musika bandek bigarren mendeurrerari musika jarri zioten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo