GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

«Si no, la llevamos clara»

Atentzioa deitzen dit askotan nola euskaraz ez dakiten gurasoak beren seme-alabekin euskaraz egiten saiatzen diren. Hartu, ekarri, eman, muxu, joan... Garunean duten euskarazko hiztegi laburrari astindua. Zilegi, noski.

Geure ondorengoak euskal hiztunak izatea nahi dugu. Euskara menderatzea miretsiko genuke eta guk egin ez genuen hori berriro gerta ez dadin, eta hizkuntzarekiko zailtasunak errepika ez daitezen, gure haurrak euskalduntzea nahi dugu. Haientzat nahi dugu guk sekula eduki izan ez duguna. Edo eduki nahi izan ez duguna? Geure seme-alabak bai, eta geuk zergatik ez?

Egoera berberera narama nahigabean zaborren aferak. Birziklatzea jarrera aurrerakoia izan zen etxeetan jaiotakoak gara. Kosta egiten zaigu hondakinak banatzea eta dagozkion tokian botatzea (egiten badugu, noski). Hori bai, ikastoletan geure seme-alabei birziklapenean heztea hobesten dugu. Guk egin ez duguna berriz ere hurrengo belaunaldien bizkar gainean jartzeko mania absurdoak piztu zaizkigu.

Kezkak harago narama. Birziklapena eta hondakinen kudeaketa oinarri behar lukeen eztabaida ez da, egun, zaborrei buruzko norgehiagoka. Nork, zer eta zenbat irabaztea helburu dituen estrategia politiko antzua baizik. Kontuan hartu behar dira baita ere atez ateko sistema jarriko den edo dagoeneko jarria den herrietan sortu den bizilagunen arteko eztabaida, giro biziatua eta, batez ere, elkarren arteko haserrea. Lokatza lokatzaren gainean.

Eta horrek gogoeta batera narama. Gurasoek nola hitz egin, hala erantzuten dute haurrek ere. Gurasoek nola hitz egin, hizkuntza horrekin identifikatuko gaituzte gure seme-alabek ere. Urteak daramatzagu euskara gainontzeko hizkuntzen poltsa berberetik bereizten, birziklatzen, berrerabiltzen. Etorkizuna gaur egundik eraiki behar bada, noiz helduko zaio benetan aferaren muinari? Noiz hasiko gara zaborraz hitz egiten? Atez ate, etxez etxe edo mendiz mendi, nahi den moduan, baina izan dadila geurea ondorengoek jarraituko duten eredua. Si no, la llevamos clara. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo