GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akitaniako Kontseiluak sei milioi euro bideratuko dizkio Seaskari lanbide lizeoa egiteko

Biarritzen eraiki asmo duen lanbide lizeoak 6 milioi euroko diru laguntza jasoko du. Behar diren lurrak, berriz, Herriko Etxeak lagako lizkioke. Halere, egitasmoa osatzeko beste horrenbeste beharko luke Seaskak.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Ez dira denak berri txarrak Seaskarentzat. Hendaiako proiektu berriaren harira, suprefetak hartutako jarrera dela medio Ikastolak arrisku bizian jarri direlarik, erakunde publiko batek diru laguntza garrantzitsua onartu du Biarritzen eraikitzekoa den lanbide lizeorako.

Izan ere, Akitaniako Kontseiluak sei milioi euro esleitu ditu proiektu horretarako. Zati bat (300.000 euro) berehala bideratzeko prest dela jakinarazi du, gainera, Alain Rousset presidenteak. Biarritzeko Herriko Etxeak lizeoa eraikitzeko beharko lituzkeen lurrak lagatzeko ere prest agertu da behin baino gehiagotan, zehazki, Ostalaritza Eskola dagoen inguruan. Laguntza horiekin, proiektuaren kostuaren erdia gutxi gorabehera ziurtatua luke Seaskak.

Hendaiako ikastola berriarentzat ez bezala, kasu honetan diru edo bitarteko publikoak legez bideratzea posible da. «Astier legea» deritzonak ahalbidetzen du hezkuntza bereziko ikastetxeak, lizeo teknologikoak, laborantzakoak edo ofizioak irakasten dituztenak ekonomikoki laguntzea, pribatuak baldin badira ere.

Erdia falta da

Paxkal Indo Seaskako presidenteak argi du lanbide lizeoaren proiektuak ezaugarri horiek betetzen dituela: «Gure lizeoa berezia izanen da. Gu kenduta, nehork ez baitu eskaintza hori euskaraz emanen Ipar Euskal Herrian».

SeaskaPro taldea buru-belarri ari da proiektua zehazten. «Oraindik bide luzea dugu aitzinean. Finantziazioaren erdia segurtatu dugu, baina beste horrenbeste beharko da gure asmoa edo ametsa egia bilakatzeko», gaineratu du Indok.

Bestalde, ikastolen egoerari dagokionez, «mobilizatuak» jarraitzen dutela nabarmendu du: «Lanean segitzen dugu gauzak konpontzeko. Prefetak egin du berea `Falloux legearen' hitza zorrotz aplikatzean. Bide horretatik baino, legea bera aldatzeko ari gara, batez ere, lanean».

Ildo horretan, hainbat parlamentarirekin harreman estua dutela adierazi du, baita Estatuan antzeko egoeran dauden elkarte eta erakundeekin ere, Eskolim egituraren bitartez.

Hizkuntz gutxituetan murgiltze-hezkuntza bultzatzen duten Seaska, Calandreta (Okzitania), Bressola (Katalunia), Diwan (Bretaina) eta ABCM (Altsazia) biltzen ditu aipatu egiturak eta, berriki, Paxkal Indo izendatu dute presidente.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo