GARA > Idatzia > Euskal Herria

Burlataherria.org webgunearen itxieraren aurkako protesta

GARA | BURLATA

Auzitegi Nazional espainoleko Ismael Moreno epaileak Burlataherria.org webgunea ixteko hartutako erabakiaren kontrako protesta deitu dute uztailaren 5erako Iruñean. Webguneari «terrorismoa goratzea» leporatzen diote. Egun horretan, «Iruñea Askatasunez» lelopean manifestazioa egingo da Nafarroako hiriburuan, eta, bertan parte hartzeko asmoz, zutabe bat abiatuko da Burlatako Askas plazatik 17.00etan.

«Burlataherria.org komunikazio tresna bat da, Burlata bertako ekimen, jardun eta gertaerak biltzen dituena. Webgunean era askotako herri ekimenen berri ematen da: kultur arlokoak, udalekoak, aldarrikatzaileak, ingurugiroarekin lotutakoak, sozialak... Hortaz, itxiera euren jarduna zabaltzeko helburuarekin tresna hau erabili duten herri erakunde guztien kontrako erasotzat hartu behar dugu», adierazi dute manifestazioaren deitzaileek.

Uztailaren 5eko protestaren antolatzaileek salatu dutenez, Auzitegi Nazionalak manifestazio legalen, prentsaurreko publikoen edota herriko hainbat bizilagunei espetxetik atera ondoren egindako harrera ekitaldien berri emateagatik jarri zuen jomugan Burlataherria.org. Horrekin batera, webgunearen itxiera adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat jo dute, iritziak eta informazioa libreki partekatzea eragozten baitu. «Euskal errepresaliatu politikoenganako elkartasuna kriminalizatzeko saiakera berri bat ere bada, hauen egoera latza ezkutatuz gatazka blokeatu eta luzatzea helburu», nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo