GARA > Idatzia > Kultura

Kalealdiak hogei talde bilduko ditu uztailaren 2tik 6ra Bilbon

GARA | BILBO

Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak bere hamalaugarren edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate «bikaina» duen programazioarekin egingo du, kaleko arte eszenikoen arloko nazioarteko punta-puntako hainbat konpainien azken proposamenak bilduko baititu. Iaz bezala, aurtengo hitzorduak ere jaialdiaren ohiko egitura izango du, programazioa bost egunetan batuz, uztailaren 2tik 6ra.

Ohi bezala, Kale Nagusiaren inguruetan eta Zazpikaleetako zenbait plazetan egingo dira jaialdian parte hartuko duten hogei taldeen 39 ikuskizunak. Bederatzi talde Estatu frantsesetik eta Belgikatik etorriko dira, eta beste zazpi Estatu espainoletik, tartean Xarxa Teatre, Subliminati Corporation, Systeme Paprika, Zanguango Teatro eta EIA Zirku Konpainia. Euskal ordezkaritza ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeek osatuko dute. Berrikuntza gisa, zirkuko profesionalei zuzendutako bi ikastaro eskainiko dira aurten. Lehena, Mikel Ayalak eskainiko duen malabarismo ikastaroa, uztailaren 2an eta 3an egingo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo