GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jean-Baptiste Etcheto | Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko Lehendakaria

Ipar Euskal Herriko diputatuei gutun irekia

Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna: ezinbestekoa da perimetroa mantentzea eta indartzea, lurraldearen kohesioaren oinarria delako eta proiektu partekatu baten garatzeko baldintza

Sylviane Alaux, Colette Capdevielle andereak, Jean Lassalle jauna, diputatu andereak, diputatu jauna: Deszentralizazioaren III. aktaren baitan egiten ari den debate parlamentarioan, ondoko egunetan «lurralde ekintza publikoaren modernizazioa eta metropolien baiespena» lege proiektuari buruz zuen iritzia eman beharko duzue. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren izenean, zuen arreta ondoko puntuetan eskatuko nizueke.

Bi urtez, Garapen Kontseiluak, Hautetsien Kontseiluarekin lankidetzan hausnarketa bat eraman du, Ipar Euskal Herriko ehunka eragile nagusi gure lurraldearen antolaketa instituzionalaren gaiaren inguruan mobilizatuz. 2012ko apiriletik, Garapen Kontseiluak «estatutu berezidun lurraldeko kolektibitate» baten alde egin zuen (joan den azaroan aukera hau Hautetsien Kontseiluak berretsi zuelarik).

2013ko otsailaz geroztik, elkarrekin «Ipar Euskal Herriko Lurralde Koordinazioan» parte hartzen dugu. Honek Euskal Herria- rentzat lurralde kolektibitate baten aldeko sentsibilizazio eta mobilizazio lan bat ahalbidetu du (apirilaren 27ko goi biltzarra, ekainaren 1eko manifestazioa).

Pozten naiz Koordinazioaren azken bilkuran (ekainaren 17an), «lurralde kolektibitatea» gure artean adostutako helburu bakarra dela oraindik berretsi dugulako. Engaiamendu hau ez litzateke nahikoa ekintza plan bat gabe; hau da, tokiko mobilizazioa bultzatzea eta sentsibilizazio lan bat eginez nazio mailan.

Ipar Euskal Herriaren antolaketa instituzionalari erantzun bat aurkitzeko helburuarekin, parlamentariek Senatuan hartu dituzten eta Asanblada Nazionalean hartuko dituzuen iniziatibak kontuan harturik, egokia iruditzen zait zuei gogoraraztea gure lurralde kolektibitate baten aldeko aldarrikapena, boto unibertsalak hautatua, eskudun bereziak izango dituena, eta gizarte zibilaren babesa izango duena.

Guretzat ezinbestekoak diren oinarriak zuei oroitaraztea garrantzitsua iruditzen zait, bai eta horiek denak arreta handiarekin jarraituko ditugula.

1.- Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna: ezinbestekoa da 1997ko aginduak definitu zuen «Ipar Euskal Herriaren» perimetroa mantentzea eta indartzea, lurraldearen kohesioaren oinarria delako eta proiektu partekatu baten garatzeko baldintza. Erreferentzia eremu horren sendotzea ezinbestekoa da herri elkargoen eta kantonamenduen inguruak eztabaidatuak diren garai honetan.

2.- Politika publikoen gauzatzea: Lurralde kolektibitatearen proiektuak adierazten duen borondatea eskuduntzak zuzenean gauzatzea da, lurraldearen eta bere biztanleen beharrei erantzuten dieten politika publikoak eramaitea, haien artean aipatu diren 8 lehentasunak: etxebizitza, garraioa, laborantza, turismoa, ekonomia, kultura, euskara, mugaz gaindikoa.

3.- Ekintza publikoaren eraginkortasuna: biltzen gaituen kolektibitate proiektuak administrazioak dituen geruza askotako antolaketa administratiboa arintzen laguntzen du. Honen helburua sinplifikazioa da, eskuduntzak batuz: hortik «estatutu berezidun lurraldeko kolektibitatea»-ren aukera (departamenduaren ordez).

4.- Eraikuntza bateratua gizarte zibilarekin: Ipar Euskal Herriak duen berezitasun hau ez litzateke ahuldu behar «aholku» soila bihurtuz. Honek duela 20 urte eragile ekonomiko, sozial eta kulturalekin sortu zen dinamika galtzeko arriskua litzateke. Horregatik, bilakaera instituzionala bere misioak sendotuak dituen eta eraikuntza bateratu horretan ezinbestekoa den Garapen Kontseilu batekin bat dator.

Proiektu orokor honi esker, lurraldeko indar ekonomiko eta sozial nagusien eta politikarien (horien artean 105 auzapez eta beste mandatu guzien politikari gehiengo bat) arteko adostasun zabala lortu da.

Ekainaren 7ko Zuzendaritza Kontseiluak proiektu garrantzitsu honi dion atxikimendu handia eta ausardia berretsi du.

Zuei, parlamentariei, baita Gobernuari eta Errepublikako presidenteari, erantzun instituzional bat galdegiten dizuegu, adostua, serioa eta demokratikoa den urraspide batu honen mailakoa.

Itxoiten duguna da bakoitzaren desmartxak lehenago aipatu diren printzipioekin egokiak eta koherenteak izan daitezen. Prest gaude zuen proposamenak entzuteko eta haien argumentuak ezagutzeko. Zeintzuk izan ere hurrengo hilabeteetan izanen diren aldaketa instituzionalak, Garapen Kontseiluak lurralde proiektuaren edukiak landu behar ditu, elkarrekin eraman behar ditugun eta egituratu behar ditugun gai nagusiak identifikatu. Instantzia politikoen ondoan, etorkizunean lurralde proiektuan dugun eragile rola bermatu behar dugu, egitasmoa egituratu eta elikatzeko gaitasunarekin, ekintza publikoak ebaluatuz eta gure estrategiak eraberrituz.

Misio hau ezinbestekoa da, lurralde honen bilakaera instituzionala bat edo bestea izanik ere, eta gainera lurraldeak pairatuko luke misio hau ahultzen edo zalantzan jarria balitz.

Bukatzeko, zuengana gatoz, sortuko den debate parlamentarioaren baitan, Ipar Euskal Herria Lurralde erakunde baten alde lan egin dezazuen. Iniziatiba guztiak behatuko ditugu, gure lanekin eta asmoekin bat etorriz gero, eta gure kideei horien berri emanen diegu. Ipar Euskal Herriaren etorkizunaren alde izanen duzun mobilizazioa eskertzen dizugu.

Onar itzazu, diputatu anderea, diputatu jauna, nire agurrik beroenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo