Gotzon Elizburu | Ernai-ko bozeramailea
Gerra da bakea?
Errelato bakarraren mobida guztiak Orwellen Munduko Egiaren Ministerioaren gero eta traza handiagoa du. Historiaren berridazketa, hemen gatazkarik ez, Trantsizio inpekablea eta delinkuenteen sorta
Orwellen munduan, Bakearen Ministerioak gerra etengabea garatzen du. Bere menpeko herritarren atentzioa desbideratu nahi du, gorrotoa eta beldurra betiereko etsaiaren figurara bideratzen ditu, Estatuan bakea bermatu ahal izateko. «Gerra da bakea», dio Alderdiaren eslogan lizunak. Alderdi Popularrarenak.
Miarritzen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) gatazkaren konponbidean urrats kualitatiboa egin zuen. Kolektiboak bizi izandako sufrimendua gainditzeko gatazkaren zioei heldu eta elkarrizketaren bidez akordioetara iristeko beharra eta konpromisoa azaldu zituen. Ez estatuekin. Herritarrokin baizik.
Espainiako eskuin mediatikoak atzamarrez seinalatu zituen kolektiboko zenbait kide, Urquijok Frantziako Estatuari horren aurrean erantzuteko eskatzen zion artean. Frantziako Estatuak berriz ere Espainiakoarekin «Valls-a» erritmo berean dantzatzen dutela erakutsi du berehala. Astebetean hiru iheslari atxilotuta.
EIPK-k irtenbide demokratikorako hiru puntu azaldu zituen bere proposamenean: salbuespenezko legedia bertan behera uztea; iheslariek bizi duten egoera prekarioa gainditzeko neurriak hartzea; eta eurek sufritutakoaren inguruko egia jakitea. Euren egia kontatzeko prestutasuna azaldu zuten. Azken puntua da, beharbada, nabarmentzekoena.
Azken hamarkadetan dozenaka euskal herritarrek alde egin behar izan dute etxetik. Gorriak bizi izan dituzte; zenbat iheslari desagertu izan diren, zenbat hil dituzten, zenbat kalte. Baina ez nahastu. Ez dira duela 20 urteko kontuak. Borreroak milaka aurpegi ditu. Ezin ditugu ahaztu azken urteetako bahiketa espres, desagerpen eta hilketak ere, Jon Anzarena kasu. Edozein estatu demokratiko lotsagorritu beharko luketen gertakariak dira. Espainia eta Frantzia? Ez.
Zergatik halako erantzun traketsa Miarritzeko ekitaldiari? Egia kontatzeko beldur? Errelato bakarraren mobida guztiak Orwellen Munduko Egiaren Ministerioaren gero eta traza handiagoa du. Historiaren berridazketa, hemen gatazkarik ez, Trantsizio inpekablea eta delinkuente sorta bat baino ez dela egon injektatzeko gure buruetan. Kontrakorik esatera ausartuz gero, «anaia nagusiak zaindu egiten zaitu»-ela gogoraraziko dizute atxilotuz eta «terrorismoa goratzeagatik» inputatuz.
Honela, «gerra da bakea» leloari jarraituz, edo «ezjakintasuna da indarra» aldarrikatuz bi egitateren existentzia ukatzea da Espainiako Estatuaren asmoa: eskubide demokratiko batzuen ukazioaren ondorioz gatazka politiko bat egon dela ukatzea edo ezkutatzea, eta ondorioz iheslari politikoen errealitate gordinaren existentzia ukatu edo ezkutatzea.
Espainiako eta Frantziako estatuek gerran jarraitzen dute. Blokeoan gotortu dira, iheslariak eragin dituen zio politikoari ez eusteko. «Gerra da bakea» eskeman eroso sentitzen direlako.
Egoera hau gainditzeko baldintzak sortu behar ditugu. Belaunaldi gazteenak herri honek bizi izan duenarekiko ezjakintasun eta ezagutzarik eza handia du. Zentzu horretan, iheslarien egoeraz ere ezer gutxi daki gure belaunaldiak, errealitate ezkutua izan den heinean. Baina gatazka behin betikoz gainditzeko eta iragan beltza berriz errepikatu ez dadin ezinbestekoa da historiaren alde guztiak ezagutzea.
Ez dugu Egiaren Ministeriorik behar errealitatearen ikuspuntu bakarra inposa dezan. Ezta Bakearen Ministeriorik ere gerra egiten jarrai dezan. Bakoitzak bere egia kontatu behar du egia osoa jakiteko, eta guztion borondate politikoa behar da gatazka konpontzeko. Halere, iheslarien jarduna ez da soilik beharrezkoa iragana gogoratzeko. Oraina ere badira eta etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko. Euren ekarpena ere behar dugu gatazka konpondu eta Euskal Herri berria eraikitzeko.
Azkenik, konponbide prozesuak aurrera egin dezan, gatazkaren ondorioak alboratu barik, gatazkaren zergatiei heldu eta norabide horretan lan egiten hasi behar dugu estatuak mugiaraziko baditugu. Gazteok, zeresan eta zeregin handia dugu guzti horretan. Hala egingo dugu.