GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Alex ARANZABAL | EIBAR TALDEKO PRESIDENTEA

«Gure idiosinkrasian dugun umiltasuna mantendu behar dugu amaierara arte»

Badira lau urte Alex Aranzabal Eibarren presidentetzara heldu zela. Aurkezpen txartelak apaintzeko kargu ederra, baina egunerokotasunean lan gogorra exijitu eta poztasunak pitinka-pitinka eskaini dizkiona. Lau urte igarota, itxaroteak saria ekar lezake, talde armaginari azken urratsa egitea besterik ez baitzaio falta zilarrezko mailara bueltatzeko.

p032_f01_148x112.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Azken urratsa besterik ez zaio falta Eibarri 2.A mailara igotzeko. Aurreikusitakoa baino urrats txikiagoa, joan den larunbatean Ipuruan lortutako garaipenari esker. Sekulako garaipena; inork ez du zalantzan jartzen. Quoruma apurtzen da, berriz, 3-0ko hori digeritzeko orduan. Euforia nagusitu da zaleen artean; entrenatzaile eta jokalariak, berriz, burua hotz izaten saiatzen dira.

Presidenteak taldearen diskurtsoari ekiten dio ala ezinezkoa suertatzen da jarraitzaile sutsuenen kamiseta ipintzea?

Argi dago Ipuruan bezala jokatzen badugu, igoera gure eskuetan egongo dela, baina futbolean ustekabe eta gauza berezi asko ikusten dira. Kasu honetan taldearekin bat egiten dut, kanporaketa bideratuta dago, baina ez amaituta.

Ez da erraza, hala ere, burua hotz mantentzea arrakasta hain gertu ikusita.

Niretzat bai, egia esan, berez izaten ditut oinak lur gainean; apaltasunaren diskurtsoa naturala suertatzen zait. Baina ez da bakarrik nire kontua. Umiltasuna, lana, konstantzia, aurkariarekiko errespetua... Hori guztia gure idiosinkrasian dago eta garaipenera heltzeko biderik seguruena izan omen da guretzat. Kasu honetan ere gure balio horiek mantendu behar ditugu kanporaketaren azken minutura arte. Igandeko partida amaitu ondoren ospatzeko arrazoiak baldin badauzkagu, orduan bai, ospatu eta disfrutatuko dugu.

Bereziki ospatuko dira. Lorpenek ahalegin handia eskatzen dutenean gehiago gozatzen dira. Eta Eibarrentzat hau segidako laugarren saiakera da.

Argi dago. Sarritan esaten dut, azken igoera oso pozgarria eta garrantzitsua izan zela, baina aldi berean min pixka bat egin zigula ere; igotzea hain helburu zaila ez zela iruditu zitzaigun. Zoritxarrez, ondorengo urte hauetan nahitaez konturatu behar izan dugu. Eta ez bakarrik gure kasuagatik. Aurten kanporatu ditugun taldeak, Alcoyano eta Oviedo, sekulakoak dira eta hor jarraituko dute. Eta badago hainbat talde horrela daramatzana urte mordo bat. Finean, 80 taldetik lau besterik ez dira igotzen.

Lortuz gero, une egokiena izan daiteke. Jaitsi ondoren talde lehiakorra mantentzeko gordetako dirua «iraunarazi» duzue, baina ez da agorrezina.

Oso garrantzitsua izango litzateke. Joan den urtean erabaki gogorrak hartu behar izan genituen, nahiago genuelako neurriak, mingarriak izan arren, aurreratzea, gero egoera kudeatu ahal ez izatea baino. Gastuak murriztu, eta aurrekontua 2 milioi eurotik 1,3 milioira pasatu zen. Argi dago futbol profesionalera bueltatzeak dakarren diru sarrera eskertuko genukeela. Une batez pentsatzen baduzu, pixka bat paradoxikoa ere bada, aurrekontua horrenbeste murriztu dugun urtea da igoeratik gertuen gaudena.

Murrizketa horien ondoren, diskurtsoa apalagoa izan zen denboraldi hasieran. Noiz sumatu zenuten talde honek 2.A mailako usaina zuela?

Hasieratik izan du itxura ona, baina nik hiru une nabarmenduko nituzke. Aurreko jardunaldietan, joko sendoa eta emaitza onak bateratu ziren eta Alaves gainditu genuenean itxaropenak berpiztu ziren. Gero, Kopa heldu zen eta zerbait desberdina nabaritzen zen. Athletic, Malaga eta Arroyoren beraren kontrako partidetan, taldearen jarrerak erakusten zuen nortasun handia zuela eta lehiakorra izan zitekeela kanporaketetan; akaso, azken urteotako play-offetan falta izan zaiguna. Eta azkena, igoera fasearekin batera heldu dela uste dut. Hasiera-hasieratik, Alcoiko partidatik ikusi genuen Eibar kontuan hartu beharreko hautagaia zela.

Gehienek nabarmentzen dute taldearen nortasuna sekulako garrantzia izaten ari dela eta, askoren ustez, Gaizka Garitanoren erantzukizun zuzena da.

Argi dago bere lana erabatekoa izaten ari dela, oso pertsona langile eta lehiakorra da eta taldeari transmititzen dio. Baina talde lanean sinisten dut, are gehiago gure kasuan. Bere laguntzaileak, Ferreira, Lafuente...; aldagelan ere oso jokalari garrantzitsuak egon dira eredua emateko orduan, heldutasuna erakusten... Ildo horretan, Txema Añibarroren rola, adibidez, aipatu beharrekoa da. Lortuz gero, talde osoaren arrakasta izango da.

Pozarekin batera, arrakasta horrek nolabaiteko buruhausteak ekar ditzake. Entrenatzailearen eta jokalarien atean joko dutenen zerrenda dotorea izango da.

Ziur aski, baina ez dut uste une honetan horrelakoekin despistatu behar dugunik. Indar eta kontzentrazio guztia igandeko partidan jarri behar dugu. Hala ere, gauza bat esango dizut, nahiago ditut buruhauste horiek 2.B-n jarraitzeak ekarriko lituzkeenak baino.

Badira lau urte Alex Aranzabal Eibarren presidentetzara heldu zela. Aurkezpen txartelak apaintzeko kargu ederra, baina egunerokotasunean lan gogorra exijitu eta poztasunak pitinka-pitinka eskaini dizkiona. Lau urte igarota, itxaroteak saria ekar lezake, talde armaginari azken urratsa egitea besterik ez baitzaio falta zilarrezko mailara bueltatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo