sega | Nazioarteko era
Euskal Ligako txapelak erabakita geratuko dira
Bihar, 11.30ean, Azpeitiko Ikasberri ikastolako belardietan jokatuko da azkeneko jardunaldia
Jon LEUNDA
Bihar, 11.30ean, jokatuko da Azpeitian, Ikasberri ikastolako belardietan, nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako azken jardunaldia, eta horren ostean jakingo dira irailean Hego Tirolen jokatuko den Europako Txapelketan arituko diren euskal segalarien izenak.
Gizonezkoetan txapela bideratuta dauka Joxe Gabirondok. Gazteluko segalari beteranoak jokatutako bi jardunaldiak irabazi egin ditu, eta bihar gauzak oso gaizki egin beharko lituzke txapelik gabe geratzeko. Adinean aurrera joan arren, oraindik maisua da, eta orain arteko saioetan onena izan da.
Bigarren posturako, puntuetan berdinduta daude Esnaola, Mitxelena eta Goenaga, eta puntu bat gutxiago dauka Altzok. Hamar mutil joango dira Europako Txapelketara, baina horietako hiru bakarrik izango dira 30 urtetik gorakoen mailan, eta lehen bost postuetan daudenak hortik gorakoak direnez, batzuek kanpoan geratu beharko dute. Beraz, Gabirondok ia seguru dauka txartela, eta beste laurek gogoz egin beharko dute lan, Europara joan nahi badute.
Hortik beherakoetan, Garaialde dago ongien kokatuta. Badirudi berak eta Gabirondo II.ak ez dutela Hego Tirolen izateko arazorik izango. Txapelketa honetan garbi geratzen da eskarmentuak asko balio duela, eta hori baieztatzen dute sailkapeneko lehen postuek.
Neskak
Neskek 35 metro karratuko sail bana moztu beharko dute, eta txapela Imazen, Etxaburuaren eta Astondoaren artean dago. Imazek lehen saioa irabazi zuen, eta bigarrengoan bigarren geratu zen. Etxaburuak lehen saioa hirugarren amaitu zuen, eta bigarrena, irabazi. Astondoa, berriz, bigarren eta hirugarren geratu zen. Europara bost neska joango dira, bat 30 urtez gorakoa, eta lau, hortik beherakoak. Etxaburua seguru joango da 30 urtez gorako lehiaketara.
Joxe Gabirondok txapela ia erabakita dauka, jokatutako bi jardunaldiak irabazita joango baita azken saiora. Txapelik gabe geratzeko, gauzak oso gaizki egin beharko lituzke.
Nesketan edozer gerta daiteke. Imazek eta Etxaburuak irabazi dituzte orain arteko bi jardunaldiak, eta bietako batek eramango du txapela, nahiz eta Astondoa ere gertu duten.