GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Harro egon behar dute egindako borrokagatik

Atzo, LGTB Harrotasun Egunean -Lesbiana, Gay, Transexual eta Bixexualen Nazioarteko Eguna-, ospakizun ugari izan ziren Euskal Herrian. Ospakizun eta, batez ere, aldarrikapen eguna izan zen. Errepresio gordina eta eskubide urraketa ikaragarria jasan izan dituen kolektibo horrek, nahiz eta legeetan beren -eta gizarte osoaren- eskubide asko jasotzea lortu, nahiz eta existitzen direla ikusarazi eta beste edozein kolektibo eta gizabanakoren eskubide berberak dituztela ulertarazi, oraindik aurreiritzien eta jarrera atzerakoi eta itxien aurka egin beharra dute. Izan ere, lehen legearen izenean urratzen zituzten horien eskubideak, eta, orain, legeak ere urratzen dituzte horien eskubideei muzin egiteko. Horren adibide da oraindik orain Arrangoitzeko auzapezak bikote homosexual bat ezkontzeari uko egin izana. Horrelako jarrerak salatu eta baztertzea, ordea, ez da LGTB kolektiboaren aldarrikapen eta eginkizuna soilik, gizarte osoarena ere bada, gizarte horrek justizia aldarrikatu eta bere kide guztien eskubideak onartzen baditu, behinik behin.

LGTB Harrotasun Eguna izan zen atzo, ezkutuan bizitzeari uko egin dion kolektibo harro baten eguna. Harro egoteko motibo nabarmena du-eta, eustetik harago, errepresio ankerrari aurre egin izanaz eta egindako borrokaren fruituaz harro egoteko motiboa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo