GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Zaharraz harro, argazkia eta gehiago

Ez dira Gasteizko alde zaharreko jaiak. Bertan egunotan, besteak beste, jaia ere topatuko duzun arren, ez dira auzoko jaiak, harrotasun egunak baizik. Beren auzo zaharraz harro agertzen direnen egunak. Eta askotariko ekitaldiz betetako egitaraua antolatu dute auzoko asanbladak eta hainbat kolektibok. Zortzi eguneko ekimen autogestionatua eta parte hartzeko aukera eskaintzen duena. Ez du diru-laguntza ofizialik jasotzen, baina auzoko denden eta tabernen ekarpen txiki bakoitzari esker, musikarien, dantzarien, tailerrak eta hitzaldiak ematen dituztenen elkarlanari esker, bosgarren urtez Zaharraz Harro handi eta ederra goza daiteke egunotan auzo horretan. Ez dira, ez, auzoko jaiak.

Dignidad y Justicia elkartearen ustez, ordea, «las fiestas del casco viejo de Vitoria» (Gasteizko alde zaharreko jaiak) dira. Baina ez dira. Dignidad y Justiziak arazo bat du -hizkuntzarekikoaz gainera-: Gasteizko alde zaharrak jaiarekin batera aldarrikapenak ere atera ditu kalera. Horien artean, bai hortan, presoen eskubideak. Asteartean EFEren teletipo batek zioenez, Dignidad y Justicia elkarteak «Gasteizko alde zaharreko jaien esparruan izango den argazki erakusketa» debekatzeko eskatu zion Madrilgo Auzitegi Nazionalari. Dignidad y Justicia elkarteak «Fotos de los presos en el barrio» (Presoen argazkiak auzoan) izeneko ekitaldia debekatzea nahi zuen, baina beste arazo bat pilatu zitzaion: ez zegoen horrelakorik. Asteazkenean auzoko presoentzako argazkia egin zuten, 14:00etarako iragarrita zegoen «Auzoko presoentzako argazkia», hain zuzen. Inork ez zeraman presoen argazkirik aldean, baina gogoan zituzten presoak.

Teletipoaren arabera, Dignidad y Justiciak «inpunitate osoko ekitaldi bat saihestu» nahi zuen. Eta horretan ere oker zebilen, presoen argazkiak erakustea ez da-eta «inpunitate ekitaldia». Aitzitik, zigorgabetasuna ez dute presoen artean bilatu behar, gobernuetan, polizia etxeetan, enpresaburuen elkarteetan eta zenbait alderdi politikotan baizik. Ez dirudi Dignidad y Justicia horien aurkako debekurik eskatzeko prest dagoenik, ordea. Litekeenagoa da datorren urtean Gasteizko alde zaharrean presoak gogoan izatea debekatzeko eskatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo