Floren Aoiz | www.elomendia.com
Ustelkeriaren kontrako ustelkeria
Barcenasen balentrien leherketa kontrolatua egin nahiko lukete, beste balentriak ikus ez ditzagun. Harraren lapidazio publikoa eskaintzen digute, beste harren onerako
Ustelkeriaren harrak gogotik zulatu du espainiar sagarra. Beste batean aipatu nuenez, sagarra hainbeste zulatu ondotik, harren arteko lehiak piztu dira, denendako janik ez baita gelditzen. Gaiztoren batek pentsa lezake horrexegatik sartu dutela Barcenas kartzelan, sagarraren barnean lekua egiteko. Ustelen ERE antzeko bat izanen litzateke, arren eboluzio darwinianoa bultzatzeko saioa.
Harren kopuruen gehiegizko hazkundean datza Barcenasen kartzelatzearen arrazoi nagusia. Barcenas ez dute kartzelatu bat-batean ustela izan daitekeela atzeman dutelako. Epaileen erabakiak ez du erakusten espainiar justiziaren zuzentasuna; erabakiak adierazten digu, berriz ere, espainiar justiziak berandu, gaizki eta soilik jendartearen presioak behartuta dagoenean hartzen dituela halako erabakiak.
Izan ere, har handi bat harrapatuz, estali nahi dute harren araberako arauak ezarri dizkiotela sagarrari. Sagarra denon begien aurrean zulatzen zuten bitartean beste aldera begiratu dutela epaileek, hots. Besteak beste, harrak ez baitira arrotz izan justiziaren bulego eta pasabideetan. Justizia aparatua sagarraren zatia izanik, harrez beteta baitago.
Orain Barcenas satanizatzea da zabaldutako leloa. Ustelkeriak badu aurpegia, ezaguna, erakusten ez dizkiguten beste guziak ezkutatzeko baliatzen dutena, jakina. Barcenasen balentrien leherketa kontrolatua egin nahiko lukete, beste balentriak ikus ez ditzagun. Harraren lapidazio publikoa eskaintzen digute, beste harren onerako. Barcenasen lapidazioan sutsu agertzen diren beste harren onerako, zehazki.
Lapidazioaren haritik tiraka, ederki esan lezake Barcenasek esku garbiak dituenak soilik jaurtitzen ahal diola lehen harria. Harria eskuetan geldituko lirateke asko, metaforetatik harago, harri-jaurtiketa lehiaketan sartuz gero, Barcenas jaunak baduelako luzerako muniziorik!
Gidoiak dio eskandalizatzeko tenorea dela. Ni, berriz, eskandaluaz eskandalizatuko nintzateke, eskandalizatuz gero. Harrek izan dute dena beren alde, harrak lekuz kanpo ez sentiarazteko trantsizioa egin baitzen. Har zaharrek lekua egin behar izan zieten har berriei, har europar demokratiko zibilizatuen labelaren truke. Eta Bibliaren aholkua segituz, hazi eta biderkatu ziren ordudanik.
Batzuen eskandalu poseak zurikeriaren adierazle dira. Ederki zekiten, guk genekien eta dakigun moduan, zer gertatzen ari zen. Harren kontrako garbiketa egiteko asmorik ez izanda, zertara datoz kexak? Barcenas kartzelatzen badute, egin duen guzia egitea ahalbidetu diotelako da. Harren sarearen ale bat besterik ez delako, lodi samarra bada ere. Ez dira eskandalizatzeko garaiak. Ez da fokuaren azpian jarri diguten harrari begira gelditzeko tenorea. Harrei aurre egiteko unea da. Har guziei. Harrak defendatzen dituzten horiek ere harrak direlako.
Gure aurrean dago zepoa, ustelkeriaren kontrako sasierantzunaren ustelkeria. Ustel baten garbiketa ikusgarria, beste ustelen onerako. Amua jarririk dago. Enekin, bederen, ez kontatu katarsi simulakro honetan parte hartzeko. Barcenas kartzelan sartu dute beste batzuek kanpoan segituko dutela bermatzeko. Espainiar justizia? Faborez...!