GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Kultura eta gastronomia koktela, Orion

Senegalek, Brasilek, Saharak, Hondurasek eta Nikaraguak eramango dute, besteak beste, euren gastronomia eta kultura Orioko plazara, bihar bertan ospatuko den Aniztasunaren Egunera. Helburua bertakoek eta etorkinek harremanak estutzea da, eta ezagutza trukatzea. Aurtengoa bosgarren edizioa da eta urtetik urtera arrakasta handiagoa du. Hala ere, gaur, San Pedro egunean, badago zer egin: azoka, sagardo dastatzea eta giza probak, eta gauean, dantzaldia.

GARA |

Modu naturalean baino, kasualitatez jaio zen Orion Aniztasunaren Eguna ospatzeko ideia. Aurten bosgarren edizioa du, nahiz eta iaz txertatu zen aurrenekoz San Pedro jaien programaren baitan. Ordura arte, aparte egiten zen festa zen.

Orain bost urte, kostaldeko herri txiki honetan bizi diren etorkinek HABE erakundearen eskutik euskara ikastaro bat egin zuten, oinarrizko hitzak eta egunerokoan erabiltzeko elkarrizketa baliagarriak ikasteko, eta, hain justu, kurtso amaieran egin zuten festa horretan du oinarria bihar ospatuko den Aniztasunaren Egunak.

Pixkanaka bere lekua hartu du agendan, batez ere, herritarren artean duen harrera bikainagatik. Helburua, Jabier Zabaleta Udaleko euskara teknikariak azaldu duenez, harreman zubiak eraikitzea da, ez bakarrik etorkinen eta bertakoen artean, baita etorkinen euren artean ere, askotan, joera naturala jatorri berekoekin elkartzea delako. Harremanak, beraz, norabide guztietan sortzea da xedea. Eta lortu lortzen dute.

Egun osoan zehar, eguerditik aurrera, herriko plazan beste herrialde batzuetako gastronomia eta artisautza ezagutu eta dastatu ahal izango dira. Bertan izango dira Senegal, Maroko, Sahara, Honduras, Txile, Nikaragua, Portugal eta Brasil. Azken honen kasuan, Bahia eskualdeko beste postutxo bat ere egongo da.

«Postuan egon izan diren etorkin askok esan izan digute publikoarekin kontaktuan egoteak erraztu edo nolabait ahalbidetu egin diela bertakoekiko harremana. Guretzat hori oso pozgarria da», adierazi du Zabaletak.

Aniztasunaren jaia haurrei zuzendutako ekitaldi batekin hasiko da, eta dantza brasildarra eta sabel-dantza ikuskizunak izango dira, besteak beste.

1.000 kiloko harria

Gaur ere, San Pedro egunarekin, 10.00etatik aurrera ekitaldi mordoa egongo da, esaterako, lehen aldiz antolatu den jostailuzko bizikleten lasterketa -2 eta 6 urte arteko umeentzat- eta Euskal Herriko Giza-proba Txapelketako finalerdiak. Orio, Mendaro, Deba eta Berrobiko taldeak mila kiloko harria jasotzen saiatuko dira. Hitzordua, 19.00etan zubiaren eta Salatxo tabernaren artean. Sailkatzen direnak Aiako festetan jokatuko den finalean hartuko dute parte.

umeen eguna

Eskolak amaitu ziren eta, beraz, astelehenean ikastolara joan beharrik ez dago. Orion Umeen Eguna izango da eta ekintza guztiak haurrei zuzendutakoak dira, 10.00etatik 19.30era artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo