eh jaietan
Zumaiako sanpedroak, hein batean itzalean dauden jaiak, eguzkitarako gogoz
Maider IANTZI |
Azken urteetan santelmoek dute arrakasta Zumaian, urteko lehendabiziko jaiek, eta protagonismo edo garrantzia kendu diete beharbada sanpedroei, herriko patroiaren festari. Halere, hau indartzeko gogoa badela sumatzen da herritarren artean. Horren adibide dira tabernek antolatzen dituzten kontzertu eta ekitaldiak. Goiko tabernan, 70 eta 80ko hamarkadetako besta prestatu dutela kontatu zigun Garik, alde batetik orduko musika maite dutelako berak eta bezeroek eta, bestetik, patroiaren jaiei ekarpena egin nahi dietelako. Erdigunean kokatua dago Gariren taberna, terraza ederra du eta bermuta hartzeko toki tipikoa da. «Jai hauetan jende asko kanpora joaten da, bertakoak ere bai, baina aurten ilusioz eta gogotsu gaude lanerako», adierazi zuen.
Dardara Zumaiko musikarien kolektiboak ere jarri du bere alea. Jonek eman zigun atzo eskaintzekoak ziren kontzertuen berri, herriko bi talderenak: Isekaren disko aurkezpena eta bertsio talde baten emanaldia.
Miriam Romatet Udaleko Kultura teknikariak oroitu zuenez, lehen trajea estreinatzen zuen jendeak festa hauetan. «Oso garrantzitsuak ziren; helduek oraindik hala bizi dute eta dotore etortzen dira prozesiora, baina gazteengan ez dute hainbesteko arrakastarik». Udaletxean hasi ziren atzo bandera jasoz eta danborradarekin, eta igandera arte jende guztiarentzako ekitaldiak eskainiko dituzte: gazteentzako musika, helduentzako su artifizial eta dantzagarriak, haurrentzako ikuskizun eta parkeak... Kalean gozatzeko aukerak sortzen ahalegindu dira.
Musika banda osagai garrantzitsuetako bat da. Gaurko kontzertuan berezitasun bat izango dela kontatu digu Mikel zuzendariak: Miguel Farinago ekuadortar abeslaria gonbidatu dute eurekin kanta batzuk kantatzera, Frank Sinatraren baten bat eta bolero batzuk.