GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

UDAKO JAIALDI ERRALDOIEN GARAIA ZABALDU DA

EHZ: Garroa jauregiaren babesean, herri oso bat auzolanean

Hemezortzigarrena du aurtengoa Euskal Herria Zuzenean festibal aitzindariak, Lapurdin egiten duen lehena. Gure musika eszenari arreta berezia egiten dion jaialdia gune ezin ederragoan kokatzen da, Lekorneko Garroa jauregiaren bueltan... eta eguraldia lagun, atzo behintzat. Hori dela-eta, azken orduko «festibalarien» zain zen antolakuntza. Lehen eguna iazko antzeko kopuruekin abiatu da, baina hegoaldetik inoiz baino zale gehiago gerturatu da jaialdira.

p006_f01.jpg

p006_f02.jpg

K. OTAMENDI-A. BILBAO | LEKORNE

Euskal Herriko lehenengo jaialditzarra abiatu zuen EHZ-k 1996an. Zortzi urtez Arrosako belardiak zapaldu eta gero, Zuberoara egin zuen festibalak, eta Idauze-Mendin eman zituen bost urte, 2008an berriro Nafarroa Beherera bueltatu zen arte. Heletan izan da pausatua azken lau urteetan, aurten lehenengoz Lapurdin kokatu den arte, Lekornen.

Lapurdin bai baina kostaldean ez. Lekornek muga egiten du Heletarekin, eta jaialdia iazko kokagunetik apenas mugitu da zazpi bat kilometro, Garroa jauregiaren inguruetaraino. «Herri batean kokatzetik pentzeetara pasatuko da berriro festibala», dio Amaia Boloki antolatzaileak: «Eremu biziki ederra da, zabala gainera». Bi pentze nagusitan garatzen da festibala, elkarren ondoan izan arren aparteko mundua (eta giroa) sorraraztea lortu dutenak. Jauregi zaharra atzean dela, eguneko ikusgarri eta mintzaldiak Xerrenda eta Gerezieta guneetan izango dira. Ikusgarria da Aguxtinek folk doinuz bikain ireki duen azken gune hau, oholtza jauregiko paretatzarrak babesten duena -Picassoren «Gernika» du agertokiak apaingarri-. Umeen txokoa ere ez da makala, Garroaren lorategietan da-eta.

Gaugiroak zelai zabal bat du zain jauregiaren magalean. Bi guneak, beraz, bata bestearen ondoan dira, baina basotxo batek eta altura ezberdinak banatzen ditu. Oholtza nagusiak jauregiaren izena darama, nola ez, eta aldameneko karpapean da Basoita -aurten ez da zirkuko karparik-, musikak etenik izan ez dezan.

EHZ festibalak auzolana du ardatz, eta lan eskerga egiten du «festibalariak» heltzerako guztia prest egon dadin. Zazpi Euskal Herrietatik etorritako laguntzaileak izan dituzte horretarako ondoan aurten ere; Donostia aldetik etorritako Piratak, kasu.

Piknik giroan

«Euskal eszenari arreta berezia eskaintzen dio jaialdiak», irakurri genion Fermin Muguruzari egunkari honetan, EHZ dela-eta. Horrela da, bai, Muguruza bera ez ezik, Willis Drummond eta Anestesia ere atzoko egitarauan zeuden-eta. Baina ilundu eta doinu gogorren txanda iritsi baino lehen, emakumeak ziren atzo nagusi.

Danbada Zuloak hirukote grinatsuak abiatu du Basoitan. Kanpotik soinu ona dute, baina zale gehiago da oraindik festibalerako bidean karpapean baino. Izan ere, Lekornera hurbildu ahala, moteldu egin zaigu bidea. Sortu den furgoneta ilarak garbi erakusten du hurbil dela EHZ. Laster izango dugu Garroa begien aurrean, oraindik ere aparkalekurako tartetxoa falta dugun arren. Oker ote goazen artegatzen hasi garenerako jauregia inguratzen ari garela konturatu gara.

Ohi legez berandu dabil zalea, baina urduritasunak uxatu ditugu aspaldiko lagunekin topo egitean. Gaztetxo andana dabil kanpalekurako bidean, astoak baino zamatuago: hondartzako hozkailu, kanpin-denda borobil edo igluak, arropa... Kontrola pasa beharra dute gainera, galarazita dago-eta jaigunera beira sartzea.

Pentzeak tantaka betetzen ari dira; batetik bestera arratiar batek agurtu gaitu sarreran, eta iruindar bat aurkitu dugu pentze nagusira sartu orduko. Topagune galanta da EHZ!

Ilundu baino lehen, guk gure aldetik, oholtza nagusiaren gibelera egiteko aukera baliatu dugu, musikari batzuekin solastatzeko. Musikazaleengandik aparte -artisten gune pribatua da honakoa-, lasai dira hemen, bakoitza bere txandaren zain. Karpape batean, arropa dendetako probatokiak balira legez, kamerinoak atondu dituzte, eta sarreran chill out itxurako ostatu bat paratu, besaulki eta guzti. Hauetan erdi etzanda Xutik zazpikotea aurkitu dugu; belardia dantzan jarriko dute aurki. Baita jarduna itxiko duten Polygorn taldeko kideak ere -goizeko hiruretan jarduna ixteko ardura zuten-, ordurako nola izango ziren beldurrez. Bitartean fosforitoz jantzi den Alice Francis entzuten dugu oholtza nagusian. Emakumeekin jarraituz, eta Muguruzaren baimenarekin, eguneko amu nagusia Keny Arkanaren rap doinuak dira. Eta taldekideekin denbora egiten aurkitu dugu, futboleko baloia elkarri pasatzen. Argentinar jatorria duen marseillarrak ezagutzen du EHZ, Idauze-Mendin izana baita.

Gaurko menua

Indarrez abiatuko da eguna Lekornen. Goizeko hamaiketatik aurrera kale animazioak izanen dira nagusi, mahai-inguru, antzerki, capoeira, joko eta bestelakoekin. Ez dira faltako Skandalue elektrotxarangaren doinuak, ez eta Wombo Orchestrarenak ere.

Anplifikagailuak arratseko lauretan hasiko dira zarata ateratzen Herri Ohiua talde gaztearekin. Ondoren, agertoki berean Iheskide taldearen punk-rock doinuak entzungo dira, oholtza nagusian Kocani Orkestar-i bide emateko. Gaueko hitzordu nagusiak Garroa agertokian izanen dira. Bertan, Black Lips taldea ariko da 60ko hamarkadako rock gordina jorratuz, eta Jimmy Cliff, reggae koloreko musikaz, 64 urte beteak, eta oraindik esateko asko duela. Gaua aurrera joan ahala, giro elektronikoak nagusituko dira, Elisa Do Brasil (feat Miss Trouble) musikariaren drum nibass dantzagarria, eta Misteur Valeire kanadarren musika koktelontzi arriskutsua (elektro, hip-hop, jazz edo rock musika estilo bat). Eguneko menuak euskal zaporea izanen du ere, Belako gazteak eta Capsula euskal argentinarren emanaldiekin.

LEKORNE

Heletako herrigunetik Garroa jauregi inguruetako pentzeetara jo du EHZ festibalak. Paraje zoragarria eta giro ezin ederragoa, euskal musika eszena agertoki nagusira dakarren jaialdia abiatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo