GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Jon GARMENDIA, Idazlea

Lagunartean

Uztail eta abuztuko egutegiari begiratua emanda, jai zerrenda amaiezina izaten da. Sanferminetako txupinazoa jaurti bezain laster, gelditu ezinezko lasterketa bati ekiten diote parrandazaleek, Euskal Herriko txoko guztiak bisitatu arte.

Batzuetan lagunartean egoten zara, eta orduan sentitzen zara bakarrik. Ez duzu ahots ozenik, edo ez dakizu zer erran, horregatik ez dakizu hizketaldian parte hartzen. Kirolaz hasten dira eztabaidatzen, eta zuri ezezaguna zaizu uda aitzin sailkapenek eskaini duten emaitza, are ezezagunago kirol arlo bakoitzean zein fitxaketa egiten ari diren uneotan. Zein erraz hitz egiten duten lagunek futbolari honek edo ziklista hark balio duenaz, aberatsak balira bezala; pertsonen salerosketa iruditzen zaizu hori, eta poltsikoan dituzun euro urriekin mila aldiz bizita ere diru kantitate horiek ez zenituzkeela ezagutuko pentsatzen duzu. Baina hau guztia lagunartean adieraziko bazenu, eztabaida berri bat irekiko zenuke, eta segur aski denak zure kontra lerratuko lirateke. Herritar honi eta hari gertatu zaizkionak dira aipagai gero, eta hor ere lekuz kanpo sentitzen zara. Nor zara zu besteen bizitzan sartu eta iritzi bat emateko? Eguraldia da azken pausaleku, modatik nehoiz pasako ez den gai izarra, denbora hitzez betetzeko aitzakia. Eta jada arratsaldea pasa da, zuri luze joan zaizu, baina erloju orratzek borobilari bueltak alferrik eman balizkiote bezala sentitzen zara. Bihar ere bilduko dira lagunak garagardo batzuen inguruan eztabaidatzera, baina zu ez zara haienganatuko. Nahiago duzu bakardadea zuk hautatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo