Julen MURGOITIO
Xiru-liruli, xiru-liruri!
Entzierroak berriro ere. Jai batzuetako zezenbide-estatua. Estafetako aldapeko zezenaren adarraren puntan, puntaren puntan, lantegi askotan urduri, xiru-liruli xiru-liruri, zeinek hoztuko dagoena gori-gori? Lehendakari bat ez bada gai bere agindupekoen lan harremanetan esku hartzeko, zer aginte mota da lehendakariak lehenetsia? Hortaz, edo lehendakarigaia da edo bera da beste batzuen agindupekoa; eskurik ez izatea litekeena bada ere! Bigarren kasua balitz, urrutiko agintea izango litzateke harena, patronalak besaulkitik telebistari agindua emateko erabiltzen duen horietarikoa; lehenengoa balitz, sobera luke aginte-makila eta hobe egunotan artaldeak mendiratzen ari diren artzainen bati eskutik eskura emango balio. Argitu beza hori guztia zeruan ageri berri zaigun eguzkiak! Entzierroak batetik, itxialdiak bestetik, kalean zein lantegietan. Kaleratzeak gehitu dakizkieke desjabetzeei, kalea inoiz baino espazio komunago bihurtuz. Ez, ez da erraza datorrena iragartzea. Hortaz, errazagoa suertatu daiteke mende honen erdialdiko uztail parteko euri kopurua dezimalekin iragartzea.
Tira, harira! Bidesarien auzira! Iragarpenak iragarpen, horra jeltzaleak eta sortuzaleak mahai baten bueltan jesarri berri direla, aspadiko partez egurrak hartutako hautsak Ertzaintzaren beharrik gabe desjabetu ondoren. Bai, egia, batzuk mahaiaren alde batean, bestean besteak, baina izan bada zerbait, zer edo zer izatekotan. Ez nuen horrelakorik ikusten Kolonbiako aldeak La Habanako mahai berean jesarri zirenetik. Gogora etorri zait kantari arabarraren kantu hura: bildu gara bildu, langile guztiok, lana dugu lokarri plusbalia etsai... eta zalantzak beste behin burura, langileak inoiz baino desbilduak baitira, Lokarrik behintzat badu lana, eta plusbalia ez dut ikusten jeltzaleentzat etsai. Tira, argitu dezala hori ere egunotako derrepenteko eguzkiak, larregi eskatzea balitzaio ere. Total, LAB-ELA eusko labeletik kanpo geratuta, izango ote Sortu-PNV eusko labelen zerrendan?. Jainkoak baleki! Bide orria hasiko omen dira lantzen, eta galdera atoan ahora: bidesaria izango ote bide orri horrek? Atez ate landuko ote dute ala bosgarren edukiontzian sartuta? «Etorkizunerako zorua» ezarri gura, omen, etikoa ote? Ama, ama! Xiru-liruli xiru-liruri...