BERRIA | Idurre Eskisabel, 2013/7/5
Frankismoa
Lander Garrori irakurri diot Twitterren: «Ikastolaren aldeko itxialdia Baionan: Frankismo garaiko giroa Frantzian». Hots, txio bakarrean egoeraren marrazki zorrotza egin du Garrok, frankismoko giroa baita Iparraldekoa euskarari dagokionez; edo, zehatzago, frankismoaren azken urteetakoa, erregimenari tankera permisiboagoa eman zioten arokoa. Alegia, toleratu egiten ziren ikastola, gau eskola eta euskalgintzako gainerako erakundeak, toleratu egiten zen euskara, baina beti legeei izkin eginez, zirrikituak baliatuz, lege babesik gabe, erregimenaren kapritxoaren menpe. Toleratu egiten zen, baina ez onartzen. Gutxiago aintzatesten.
(...) lege zirrikituetan barrena antolatu behar izan du Seaskak ikastolen hedakuntza -eta ikastolak dira euskara ardatz duten ikastetxe bakarrak-. Baionako suprefetak Hendaiako ikastola handitzeko ezarritako debekuak, ordea, gordin bistarazi du zeinen ahul eta zaurgarri diren; lege babes eta ofizialtasunik gabe zeinen erraza den 40 urtean izerdi askoz altxatutako etxea erregimenaren kapritxora bertan behera eraistea.
Eta hori guztia frankismoa hainbeste mespretxatu zuen askatasun, berdintasun eta senidetasunaren Errepublikan.