GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garbiñe Errekondo | Funtzio Publiko eta Foru Administrazioko Gipuzkoako diputatua

Pribilejio politikoak eta Hermes zapiak

Pribilejio politikoak ezeztatzea, prebendak kentzea eta hautetsion baldintzak geure herrikideenekin berdintzea justizia eginkizuna da

Azken egunotan ezagutu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratatu zuen kanpoko txostena aztertzeko biltegi batean «zenbait gastu» izenez kutxan gordeta agertu zen 2007 eta 2011 arteko Bidegi sozietateko diru-partida. Txosten horrek agerian jartzen digu justifikatu gabeko gastuak daudela, luxuzko otorduen fakturak, aurreko diputatuei diru publikoz ordaindutako opariak, Hermes markako zapien erosketak eta beren paraderorik ezagutzen ez diegun iPad-ak.

Kargu publikoen prebenda, abantaila eta dohainei buruzko berriek ez dute amaierarik, eta gure lurraldera ere iritsi egin dira. Edozein lotsaz gorritzeko moduko ebidentziak dira eta, tamalez, urte luzez botere publikoetan txertatuta egon den politikagintza «estiloa» adierazten dute. Klase politiko jakin batek bere buruaz izan duen pribilejio kontzeptuaren isla dira; boterearen erabileran eta erabilkerian oinarritutako jite eta moduen adibide bat dira; gure herriaren interesekin zerikusirik ez duen gailurrean kokatutako elitearen zigorgabetasun kontsentituarena.

Zenbait agintarik erakutsitako «kudeaketa estilo» lotsagarri honetaz gain, kasta politikoak pribilejio erregimen bat eskuratu du. Nahiz eta zenbaitetan ez-legezkotasunik eta irregulartasunik ez izan, bai dela guztiz inmorala, zeren araudiaren arropaz jantzita, gizarte desberdin baten injustiziak areagotzea besterik egiten ez duen abantaila egoera ezkutatzea da horrekin egiten dena.

«Zesantiak» deitutako horiek, orain arte indarrean Gipuzkoan, pribilejio horien adibide garbia dira, legezkoak baina klase politikoa gainerako herritarrengandik urruntzen dutenak eta zerbitzu publikoaren deskreditua areagotzen dutenak. Oraindaino Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu eta zuzendariek hilabete bateko soldataren eskubidea zeukaten kargua utzitakoan eta bizi osorako pentsio berezi bat kargu-aldian hil edo ezgaituz gero.

Baina modu ezberdinak daude politikan ari eta egoteko, eta kargu publiko baten konpromiso etikoa ulertzeko. Horretxegatik, zesantiak kendu eta foru diputatu eta zuzendarien baldintzak gainerako herritarrenekin berdinduko dituen araudiaren erreforma bultzatu dugu. Horrela, kargua uzterakoan jaso beharreko hilabeteko soldata kenduko da eta, halaber, bizitza eta istripu asegurua foru administrazioko enplegatuen berdina izango da. Gainera, Gizarte Segurantzako erregimen arruntean sartuko gara eta beste edozein langilek bezala kotizatuko dugu. Aukera hori 2006az geroztik dago, baina Gipuzkoan ez zen aplikatzen. Erreforma hori joan den maiatzean onartu zuen Diputatuen Kontseiluak eta aste honetan Batzar Nagusiek berretsi dute.

Pribilejio politikoak ezeztatzea, prebendak kentzea eta hautetsion baldintzak geure herrikideenekin berdintzea justizia eginkizuna da. Krisiaren leherketaren eta egungo eredu sozioekonomikoaren sekulako porrotaren ondoren, denon haserrea areagotu egiten da Hermes zapiez eta pribilejio politikoez entzundakoan, eta biderkatu egiten dira abusu horiei muga jarriko dien erakunde erreforma integralak eskatzen dituzten ahotsak.

Politikagintzan ari garenon gaineko kontrol, ekitate eta justizia irizpideak ezarri beharra nagusitzen da, ez arrazoi ekonomiko soilengatik baizik eta kargu publiko batean aritzearen eredugarritasun arrazoiengatik. Ezinbesteko bilakatu da politikagintza ulertzeko moduaren aldaketa, herritarren kontrolpeko eginkizun publiko eta gardena eta, ondorioz, parte-hartzailea izan dadin. Pribilejio politikoen iraupenak larriki txirotzen du gure gizartearen kalitate demokratikoa, eta politika egiteko beste «estilo» bat posible, beharrezko eta urgentea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo