Junior kooperatibak, ikasleak enpresa munduan estreinatzeko tresna berria
Datozen asteetan zortzi junior kooperatiba sortuko dituzte Mondragon Unibertsitateko ikasle ekintzaileek, Lakuako Gobernuak izaera juridiko berri horri ateak ireki ostean. Aurrerantzean, LEINN gradua egiten ari diren bitartean sortuko dituzten proiektuek, beraz, izaera kooperatiboa izango dute eta ikasketak amaitzean lan kooperatiba bihurtu ahal izango dira.
Iraia OIARZABAL | OÑATI
Mondragon Unibertsitatearen (MU) proposamenez Lakuako Gobernuak kooperatiben legerian egindako aldaketen ondorioz, ikasle ekintzaileek «junior kooperatiba» izena eramango duten elkarteak sortu ahal izango dituzte aurrerantzean. Lehen emaitzak uztailaren 30 baino lehen egongo dira ikusgai, MUko LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko lehen promozioko ikasleek sortutako zortzi junior kooperatiben erregistro ofizialarekin.
Oñatiko Enpresaritza Fakultatean egindako aurkezpenean, ekintzailetasunaren arloan egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu zuten Iosu Zabala MUko errektoreak eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Zabalaren hitzetan, LEINN tituluaren hasiera «ez zen batere erraza izan», ordura arte zegoen «ortodoxia aldatzea» suposatu baitzuen. Ostera, urratsa ematera «ausartu» zirela nabarmendu zuen, 2009an lehenengo promozioari hasiera emanez. Oraindik ere Estatu mailan dagoen gisa honetako titulu bakarra da.
Lehen promozio horretako ikasleak dira, hain zuzen ere, datozen asteetan zortzi junior kooperatiba horiek abian jarriko dituztenak, «eginez ikasi» filosofia praktikan jarri asmoz. Zabalaren ustez, ekintzailetzan barneratzea erraztuko du Finlandiako Team Learning Cooperatives eredua oinarritzat hartuta egindako legedi aldaketak. Behin ikasketak amaituta, junior kooperatibak lan kooperatiba arrunt izatera pasatu ahal izango dira.
Bestalde, Iñigo Urkulluk Lakuako Gobernuak ekimen honetan izandako parte hartzea nabarmendu nahi izan zuen. Zehazki, Enplegu Planaren lehentasunetako bat bezala kokatu zuen gazteen langabeziarekin amaitzea. Horrela, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak hiru finantziazio egitasmo abiatuko dituela jakinarazi zuen. Bata gizarte ekonomiako enpresak eta formakuntza laguntzeko, elkarte bakoitzeko 5.000 euroko diru laguntzarekin. Bigarren programa batek junior kooperatiben eraketa izango du xede eta partaide bakoitzeko 2.100 euro arteko diru laguntza emango da. Azkenik, kooperatiba horiekin bat egiten duen bazkide berri bakoitzeko 2.500 euro arteko laguntzak eskainiko dira. Finean, horrelako ekimenekin «hezkuntzaren eta enpleguaren arteko trantsizioa lagundu» nahi dutela adierazi zuen lehendakariak.
Protagonistak, baikor
Hiru urtez euren enpresa proiektua garatzen jardun ostean, izaera juridiko berriarekin kooperatibetan lanean jarraitzeko gogo bizia nabari zen aurkezpen ekitaldiko protagonista izan ziren ikasleen artean. Lehen unetik proiektu zehatzak sortzeak, bezero, fakturazio eta kontu ekonomiko errealekin, bere zailtasunak dituela onartu zuten arren, horixe bera da, ikasleen ustez, gradua berezi egiten duena.
Txomin Gallastegi 21 urteko arrasatearrak LEINN graduko hirugarren maila amaitu berri du eta gogotsu begiratzen dio hurrengo ikasturteari. Beste hamar ikaskiderekin batera sortu zuen lehen urtean Ego enpresa, orain junior kooperatiba bihurtuko dena, Finlandiara egindako bidaiaren ondorioz. Ildo horretan, graduan zehar egiten dituzten bidaien -Finlandia, AEBetako San Frantzisko eta Silicon Valley, Txina eta India- baliagarritasuna nabarmendu zuen. «Burua zabaltzen dizute, izan ere, mentalitate globala zabaltzen dizu beste kultura batzuk ezagutzeak», adierazi zuen.
Ego kooperatibari dagokionez, internazionalizazioko eta enpresetako barne aholkularitzako eta marketineko zerbitzuak eskaintzen ditu. «Ikusten dugu enpresa industrialetan orokorrean talde lana gehiago sustatu behar dela, lan egiteko modu pixka bat arkaikoa dute», baieztatu zuen.
Hasierako zailtasunak gaindituta, baikor begiratzen dio etorkizunari. «Lan asko egin behar da eta asko mugitu, baina estrategia on batekin, posible dela uste dut», nabarmendu zuen.
Finlandian duela hogei urte sortutako ereduak inspiratu zuen LEINN graduaren sorrera, baita bere baitan jaioko diren junior kooperatibak ere. Estatu mailan ez dago horrelako beste egitasmorik indarrean. Datozen bi urteotan 100 ekintzaile graduatu berri aterako dira bertatik.