GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Iruñeko Sanferminak

Adarkadak

Irati JIMÉNEZ

Lagunok, zorionekook, erromatarrok, iritsi zaigu. Honaino, bukatu da, hartu atseden, akabo. Hartu arnasa sakon, itxi begiak eta merezi duen zeremoniarekin, jarri funeraletako alkondara, hiletetako praka zuria eta Herioren gerriko gorria. Uztailaren 6a da eta gaur ehortziko gaituzte. Azkenean, aleluia!, amen: bihar beste norbait izango gara eta bihar ez bada, zaudete ziur, uztailaren 15ean.

Sanferminen lehen araua: inor ez da bizirik ateratzen.

Sanferminen bigarren araua: alkoholak ez bada, adarkadak garbituko zaitu.

Sanferminen hirugarren araua: zezenarenak ez bada, lagun urkoarenak.

Sano iruindarra zen irakaspen hori eman zidan laguna, uztailaren 9 edo 10 batean. Badira hiru-lau urte baina ez dut ahazteko esan zuena, hira zoriontsuz horditurik "ni, uztailaren 6an adarkadak ematera ateratzen naiz".

Ez da bakarra. Sanferminetan, eta bereziki 6an, asko dira laneko lagunari hurbildu eta jasaten ez dutela esango diotenak. Ikastolan gustuko zuten mutilari maite zutela edo gorroto zutela aitortuko diotenak. Edo gauza biak batera esango dizkiotenak. Uztailaren 6an edonor hurbilduko zaizu edozer esatera, edonola. Zergatik? Uztailaren 6a delako, jaietan biziberritzeak odola eskatzen digulako, gizasemeak zezenak ere bagarelako, zuriz bezala gorriz ere jantzi behar garelako, urte osoan gordetzen denak leher egin behar izaten duelako.

15ean itzuliko gara salbatzen gaituen horretara: kortesiazko irribarrera, jasangaitzak jasateko ahaleginetara, hipokrisia loriazko eta beharrezkoetara. Gaur, ordea, agur. Iruñean bazaude, hiltzear zaude. Entzuten dituzu piztiak kalean gora? Herritarren apatxak dira. Zeureak, neureak, geureak.

Uztailaren 6a da. Zezenduta gatoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo