GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Iruñetik kanpo ere, arropa zuria eta zapi gorria nagusi

Uztailaren 6an mundu osoa jartzen da Iruñera begira. Jo dezagun, atzo ez bezala, txupinazoa normaltasun osoz botatzen dutela Iruñeko udaletxetik eta izerdi eta kalimotxo artean zortzi eguneko jaia hasten dela. Izerdia eta kalimotxoa, zapi gorriak eta jotak, peñen alaitasuna... horiek guztiak Iruñetik kanpo ere aurki daitezke. Horren erakusle, orrialdeotara ekarri ditugun Lesaka eta Pasai Antxoko «beste sanferminak».

p047_f02.jpg

Nagore BELASTEGI

Gaur aje eguna da. Zuetako batzuek, egunkari hau eguzki izpietatik babesteko erabiliko duzue. Edota, agian, bart gauean Iruñeko Alde Zaharreko taberna zulorik ilunenean agurtutako ezagunen batekin gurutzatzean aurpegia estaltzeko. Ausartenek Santo Domingo kaleko postu txikian erosiko duzue GARA gaur, eta zezenak gidatzeko kiribildu Iruñeko festa handiaren bihotzean bertan sartzeko. Izan ere, «festaren hiriburuan» hasiberriak dira amaiezinak diruditen sanferminak. Baina jendetza gustuko ez dutenentzat badago San Fermin jaiak bizitzeko bestelako aukerarik, egunotan Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere ospatzen baitira festok.

Testu honek ez luke zentzurik izango Lesaka aipatu gabe, gero eta euskaldun gehiago erakartzen baitituzte bertako jaiek. Hemingwayren eraginez egunotan Babelgo dorrea dirudien Iruñetik 75 kilometro eskasera, euskara nagusitzen da ostiralean hasi ziren beste sanferminetan. Kanpalekua jendez gainezka egonik, edozein txokotan lo egiteko aprobetxatzen duenik ere bada. Erreka bainugela inprobisatua bilakatu ohi da parranda zaleentzako, are gehiago asteburu honetan izan dugun eguraldi apartak laguntzen duenean. Gaur, pixkanaka, badoaz begiak igurtzi eta esnatzen, eta, nagia gainetik kendu ostean, etxerako bidaia hasiko dute sanferminak Lesakan pasatzea erabaki dutenetako askok. Arratsaldean oraindik geldituko dira kanpotar batzuk, hau da, Lesaka eta inguruotako herrietakoak ez direnak, baina, giroa, guztiz aldatuko da. Oier Iantzi Txosna Batzordeko kideak azaldu digun bezala, «badirudi Lesakan bi festa daudela: asteburukoa eta astean zeharrekoa». Izan ere, asteburuan jendetza biltzen da herri nafarreko kaleetan, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoa, eta astean zehar bertakoak besterik ez dira gelditzen (eta kanpokorik balego, herriko norbaitek gonbidatu duelako izan ohi da). «Nik sekulako zortea daukat, biak gustatzen zaizkidalako -kontatu zigun Iantzik-. Asteburukoa jendea ezagutzen dudalako eta aspaldi ikusi ez ditudan lagunekin elkartzeko aukera izaten dudalako; giro oso polita sortzen da. Astean zeharrekoa, berriz, herriko lagunak elkartzen garelako. Badago jendea asteburuetan nazkatu egiten dena edota astean zehar aspertu egiten dena».

Bisitarien presentzia ondo hartu ohi dute, beraz, kanpotarren inbasioak ez die eragozten jaietan guztiz inplikatzea. Ostiraletik aurrera aldarrikapenerako, ska musikarekin dantzatzeko eta peñen danborradan parte hartzeko aukera izan dute. Hala ere, gaurko eguna, San Fermin eguna, da garrantzitsuena, baita lesakarrentzako kuttunena ere. Izan ere, herria goikoen eta behekoen artean banatuta zegoen garaia gogoan, bien arteko bakea sinatu zen eguna oroitzen dute urtero zubigaineko dantza eginez.

Goizean goiz hasten dira mutilak (ezpata dantzariak) herriko txoko desberdinetan dantzan: Lesakaren erditik pasatzen den ibaiaren bi aldeetan dantzatzen dute, eta bandera astinduz amaitzen dute emanaldia. Arratsaldean, neskekin egiten dute topo ezpata dantzariek, eta, hala, neska dantza egiten dute. Plazara abiatzean mutilen kapitainak nesken kapitainari aurreskua eskaintzen dio, ohituraz. Kapitaina izatea oso garrantzitsua da dantzarientzat, batez ere mutilen kapitaina izatea, ondoen dantzatzen duena edo karisma gehien duena aukeratzen baitute. Nesken kasuan, ordea, jaiotze dataz sartzen doaz taldean eta kapitaina zozketa bidez aukeratzen dute. 

Aurtengoa Pello Echevestek mutilen kapitain bezala dantzatzen duen seigarren urtea da (ezpata dantzari moduan 11 daramatza), eta, bere arreba Isabel Echevesteri jaiotze dataz nesken taldean sartzea egokitu zaionez, nesken kapitaina bera izatea erabaki dute. «Honela nire anaiak niri dantzatuko dit aurreskua», aipatu zuen pozik. Egun honetan mutilek dute protagonismoa, baina Isabeli behintzat ez zaio inporta: «Zubigainekoa neskek egitea? Nik ez dut horretan pentsatu ere egin, beraiek egin izan dute beti. Agian beste norbaiti gustatuko litzaioke. Gure dantza arratsaldekoa da eta mutilena hori, beste dantza batzuetan neskok garrantzia handiagoa izaten dugun bezala». Dantzari lesakarrak harro daude oso euren dantza berezia dela-eta. Isabel Echevestek, adibidez, aitortu zigun berari ilusioa egiten diola kanpoko jendeari zubigainekoa interesatzen zaiola ikustea. 

Ur eske Peñen Egunean

Bestelako dantzak ere izaten dira Lesakan. Tragoa eskuan eta txarangarekin egiten diren horietakoak, alegia. Bihar izango da adin guztietako pertsonak jai giro berean biltzen dituen Peñen Eguna. Txosna Batzordeko Oier Iantzik azaldutakoaren arabera, eguna peñen gosariarekin hasten da, eta gero betizuak izaten dira. Ondoren, kuadrilla bakoitzak nahiago duen jatetxean bazkaltzen du, eta, arratsaldean, denak berriro elkartzen dira herriko goialdetik plazara jaisteko. «Peñen jaitsiera» deitzen diote horri, eta, ohikoak diren arropa zuri eta gorriak, blusen kolore anitzekin nahasten dira. Ur eske ibiltzen dira gazteak eta ez hain gazteak, eta balkoietatik jasotakoa nahikoa ez bada, errekan sartzen dira. «Egun honetako politena da adin guztietako jendea elkartzen dela -nabarmendu zuen Iantzik-. Lasai asko ikus dezakezu 15 urteko bat 56 urteko batekin dantzan. Denak festarako gogoarekin ateratzen gara!». Hala, herrian barna ibiltzen dira, saltoka, Lesakan dauden hogei peña inguruetako kideak, Kalaxka eta Irrintzi beteranoetakoak barne. Festak asteazkenean amaituko dira, Peñen Eguna, Haurraren Eguna eta Bikoteen Eguna igaro ostean.

Gipuzkoan ere zapi gorria lepoan

Nafarroako jaietan lepoko zapi gorria ikustea oso arrunta da, baina gainontzeko euskal herrialdeetan deigarria suerta daiteke. Hala ere, Gipuzkoako kostaldeko txoko batean ere sanferminak Iruñean bezainbeste ospatzen dituzte: Pasai Antxoz ari gara, euren patroiari ohore egiten ari baitira asteburu honetan. Izaskun Biurrun Jai Batzordeko kideak adierazi zigunez, elkarte guztien eta norbanakoen lankidetzatik sortutako jaiak dira Pasai Antxokoak. Diru sarreren murrizketa dela-eta, elkarlan horren adierazle izan zen garagardo festa antolatu zuten iaz, eta, oso erantzun ona jaso zutenez, aurten ere berriz egin dute jaietarako diru-poltsa bat osatzeko asmoz. Arazo ekonomikoengatik karrozen desfilea ere kendu behar izan zuten iaz, partaidetza txikia zuelako eta aurrekontuaren zati handi bat eramaten zuelako. Hala ere, aurten, aspaldian galduta zegoen beste tradizio bat berreskuratu dute: inude eta artzainen desfilea. «1987an berreskuratzea lortu zen, baina berriro bertan behera utzi zuten gerora. Lehen bazegoen inude eta artzainen konpartsa bat, eta beste herri batzuetako festetara ere joaten zen», azaldu zuen Biurrunek.

Pasai Antxok aspaldian galdu zuen beste tradizioetako bat zezen entzierroa zen. «Herri osotik ibilbide luzea egiten zen, eta, 1990eko hamarkadan bi pertsona hil ondoren, ospakizuna moldatu behar zela erabaki zen», azaldu zigun Jai Batzordeko kideak. Horrela, lehenengo zezenak bigantxengatik aldatu zituzten, eta, ondoren, entzierroa egin beharrean, egun ere ospatzen duten ikuskizuna egiten hasi ziren. Entzierrorik gabe ere, San Fermin jaien kutsua nabarmena da, adibidez, gaurko egunez urtero egoten diren jotei edota peñek duten garrantziari esker. Azken horiek, Jai Batzordearen eskutik, egitarauan agertzen ez diren ekitaldi mordoxka antolatzen dituzte.

Peña ugari daude herrian, eta horietako ospetsuenetariko bat Xaxorda da. Marco Novo bertako kidea da eta euren zereginaren berri eman zigun. «Larunbatean ekintza ugari egiten ditugu: bazkaria, musika, dantza, jolasak... Guk antolatzen ditugu eta edonork har dezake parte». Jada hamabi urte daramatzate Pasai Antxoko kaleak alaitzen, eta gero eta gehiago dira, txikiek ere parte hartzen dutelako. «Gure kamiseta gorria eta logotipoa ospetsuak dira!», baieztatu zuen Novok. Atzo, poteoa, barbakoa eta paella jan erraldoia antolatu zituzten, DJekin eta jolasekin batera.

Baina norbaitek jaiok sanfermin nafarren kopia hutsa direla esango balu, Pasai Antxok badauka beste inon egiten ez den zerbait: txupinazo berezi-berezia. Azken urteotan Oier Iribarren eskalatzaileak suziria hartu eta kanpai dorrera igo ohi du, bertan zain egoten den Juanjo Bujanda txupineroari emateko. Honek suziria piztu ostean egiten du eztanda bihar arte iraungo duen jaiak.

En Argentina también cantan el riau-riau

El orgullo navarro es más fuerte que la distancia, y por eso los Sanfermines traspasan fronteras. Sin contar a los miles de vascos que siguen cada día los encierros por la tele desde la diaspora, también hay quien se viste el pañuelico y se zambulle en la fiesta, sin importar que estén al otro lado del charco. Es el caso de Mar de Plata, localidad argentina que cuenta con un centro navarro que cada año organiza sus propios Sanfermines.

La idea inicial surge del Centro navarro del Sud, que estuvo en activo durante 70 años hasta que desapareció en 2009. Sin embargo, un grupo de jóvenes decidió tomar el relevo y, aunque al principio continuaron como grupo de danza autofinanciado, pronto expandieron su apuesta por dar a conocer la cultura navarra, y como no, su fiesta. Así, cada 6 de julio, se reunen para lanzar el txupinazo, pero la celebración comienza el día antes, ya que hacen vigilia y cantan canciones sanfermineras como el riau-riau o las de las peñas, para después tomar chocolate con churros, «como se acostumbra en Iruñea», afirma el director del centro, Diego Seibel.

Sin embargo, lo que más destaca en la fiesta marplatense es el tradicional banquete, compuesto por paella de marisco y al que acuden cerca de 160 personas. Allí no faltan los pintxos ni las jotas, ni tampoco los bailes navarros a cargo del grupo originario de esta celebración. Este año se han decidido a hacer la comilona frente al mar y han participado 180 personas, nada menos. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo