UDATE | GETXOKO NAZIOARTEKO JAZZ JAIALDIA
Gitarrari egurra, jazz musikan ere
Anartz BILBAO
Erre gabe berotzen du egurrak, atsegina da oso; Al Di Meolak badaki. New Jerseyko (AEB) artistak, giro udatiarrarekin bete-beterik zen Biotz Alai plaza txiki utzi zuen herenegun, gitarra akustikoarekin egin zuen birtuosismo erakustaldian.
Al Di Meola ezaguna da Euskal Herrian, ez du alferrik gure oholtzetan behin baino gehiagotan jo. 1996an, esaterako, Gasteizko Jazzaldian izan genuen Paco de Lucia eta John McLaughlin gitarra jotzaileekin batera hirukotean, eta, iaz, Donostiako Jazzaldian ez ezik -atzo Getxon jotzekoa zen Gonzalo Rubalcabarekin partekatu zuen Trinitate plaza-, Bizkaian bertan ere izan zen, maiatza partean Bilboko BBK aretoko Masters at Work zikloan parte hartuz. Orduan hirukotean agertu zen agertokira, eta herenegun perkusio jotzaile bat gehitu zion egitasmoari.
Getxon laukotean agertu zen oholtzara Al Di Meola. Ezkerretik eskuinera, ondo argiztatuta, Peter Kaszas bateria jotzaile hungariarra -tinbalak eta kaxoi flamenkoa ere tartekatu zituen-, Kevin Seddiki gitarra jotzaile frantziar gaztea -maisuarekin bikotean ere izan ditu emanaldiak-, eta, izar nagusiaren eskuinera, Fausto Beccalossi soinu jotzaile italiarra. Azken horrek lirismoz jantzi zuen jarduna, eta bereak izan ziren pasarterik delikatuenak -ahoarekin ateratako hotsez laguntzen zuen soinuan jotzen zuena-. Bresciarrak jantzi eta koloreztatu zuen Al Di Meolaren «World Sinfonia» bikaina.
Kantengan arreta jarrita, intro labur baten ondoren «Infinite Desire» jo zuen Al Di Meolak. Soinu bikainarekin, gitarra goitik behera menderatzen duela erakutsi eta sekulako erakustaldia egin zuen, sarri flamenkora hurbilduz. Edo tarteka arabiar aireetara; gitarra jotzaileak berak mediterranear erritmoak deituko lituzkeenetara. Hain zuzen ere, eta bukatzeko, «Mediterranean Sundance» jo zuen, entzuleria zutiarazi eta txaloz laguntzera hurbil zedila eskatuta. Aurretik, besteak beste, Astor Piazzolla maisuaren «Double Concerto» ere jo zuen.
Ikuskizunari eragozpen bat jartzekotan, azken txanpan errepikakorregia egin zitzaigula esan behar dugu zintzo, jakina baita birtuosoek musika tresnan duten abilezia erakutsi eta beren baitan gordetzeko joera dutela; sarri gertatzen da. Begitazioak begitazio, errespetu osoz eta isil-isilik (gure ondoko bat izan ezik) adi izan zuen entzuleria berotu zuen gitarra jotzaileak, eta bukaeran sekulako txaloaldia jaso zuen. Al Di Meolak The Beatles taldearen bertsio disko bat argitaratu berri du, eta askok espero zuten bertako kantaren bat edo beste. Eta doinuren bat eman zuen bai, «Strawberry Fields Forever» esaterako -hasiera aldera emana-. Hori bai, zuzeneko amaieran diskoak sinatzera agertu zen Al Di Meola; erruz saldu zituen «All Your Life»-en aleak.
Gaur Wynton Marsalis izar handiak itxiko du Getxo Jazz. Tronpeta jotzaile sonatuak hamabost musikari izango ditu lagun, Jazz at Lincoln Center Orchestrako kideak. Aurretik, talde lehiaketako irabazleek beren jarduna errepikatuko dute. Eta Algortako Geltokia plazan, 19.00etan, Nomadic Nature laukoteak joko du. Azken zuzeneko hori doanekoa da eta Biotz Alai plazarako, berriz, sarrerak jada agorturik dira.
Taldeak: Al Di Meola
Lekua: Biotz Alai plaza. Getxo.
Data: 2013-07-05.
Gaur: Talde lehiaketako irabazlea + Jazz at Lincoln Center Orchestra with Wynton Marsalis.