GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

«Freedom» ere zilegi litzateke

Clarak 56 urte ditu. Euskal hiztuna, langilea, ezkondua eta bi seme-alaben ama da. Euskal Herrian jaioa, Andaluziatik etorritako gurasoek egindako bidaiaren ondorio. Heldua zela alfabetatu zen euskaraz, gaztetan «nazionaletako» ikasle izandakoa baitzen. «Andaluza nuen aita, Euskal Herrira lanera etorritakoa. Bazekien berak, ordea, hemen bazela hizkuntza propio bat, lankideek hitz egiten zutena, eta egunero hitz berri batekin etortzen zen etxera. `Mesa se dice maya', esaten zigun. `Cocina es sukaldia y vaca, beya'», kontatzen du maiz.

Pako Aristik albo batera utzi ditu halako kasuistikak. 2023. urtea irudikatu du eta etorkizun iluna marraztu. Arantzaduna. Independentziarik ez eta errudun nagusi izendatu ditu Euskal Herria okupatu zuten «kolonoak». Artikuluak eman du zeresana euskal erabiltzaileak igerian dabiltzan sare sozialetan; aldeko eta kontrako iritzi sutsuak piztuz. Integratu nahi izan ez dutenen aurkako haserrea batzuena, eta txertatzeko ahalegina egin zuten horien aldekoa, besteena.

Maketoak, mantxurrianoak, koreanoak, belarrimotzak, trenez etorritakoak... Orri bete hitz izango nuke Estatutik Euskal Herrira migrazio haietan etorritakoei halako adierazgarriak bilatzerakoan. Deiturak deitura, ordea, XXI. mendeko Euskal Herriak, horiez gain, baditu egun ere indiarrak, txinatarrak, marokoarrak, senegaldarrak, irandarrak eta «bentaporkulokoak». Herri anitza da geurea, begi bistan ikusten den bezala.

Kezka sortzen dit, baina, migrazio haietatik etorri zirenen hirugarren generazioko zenbaitzuek euskaraz jakiteari uko egiteak, edo Euskal Herriak izaera propioa duela ukatzeak. Kezkatzen nau Jesusek, Nereak edo Ainhoak egoera politikoari ez erreparatzeak edo, sinpleago, herri hau herri dela ez jabetzeak. Hamaika Clara ezagutzen ditugu egun, eta bejondeiela. Baina denak Clara balira, ez legoke berebiziko eztabaidarik. Eta Euskal Herria Basque Country, País Vasco edo Pays Basque ere bada, erabakitzeko eskubideak halakoa behar luke, free edo librea. Nahi eta nahi ez, egoerak hala aginduta. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo