GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Mursi eta Mossadegh

 

Mohamed Mursi eta Mohammad Mossadegh kidetzea errazkeria baino gehiago kirtenkeria litzateke: oso gutxi dute antzekorik, izena izan ezik. II. Mundu Gerraren ondorengo Iran eta XXI. mendeko Egiptoren arteko aldeak ikusgarriak dira, eta bata eta bestearen ikuspegi politiko eta ideologikoak urrutiegi leudeke, alderaketak egiten hasteko ere. Nortasunaren aldetik, bestalde, nekez aurki daitezke bi izaera kontrajarriago... Eta, hala ere, ezin dut burutik kendu Mossadeghen aurrekaria, M. Mursi agintetik eraitsi duen estatu kolpeaz gogoeta egiterakoan. Eta ez dut uste oraintxe bertan Ajax Operazioaren 60. urteurrena betetzen ari delako denik, soilik.

Mendebaldeko bi potentzia nagusiek, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak, XX. mendean egin zuten kirtenkeria handienetako bat izan zen Mossadeghen aurkako estatu kolpea, geroak erakutsi duenez. (Beta duenarentzat, argigarria izan daiteke Stephen Kinzer kazetari estatubatuarrak duela hamar urte argitaratu zuen «All the Shah's Men: An American Coup and the Roots of Middle East Terror» irakurtzea; frantsesez eta gaztelaniaz ere aurki liteke). Literatura oparoa dago bilaukeria hartan Anglo-Iranian konpainiak, Dulles anaiek, Kermit Roosevelt espioiak, Reza shak eta haren arreba biki Ashrafek eta beste askok jokatu zuten paperaz. Askoz gutxiago idatzi da Ajax Operazio hark hasi berria zen gerra hotzarekin eta Stalinen heriotza jazo berriagoarekin zuen lotura zuzenaz. Eta mende laurden itxaron behar izan zen estatu kolpe haren benetako emaitzak ikusi ahal izateko. Baina, etorri ziren, bai, ereindako haziaren fruituak. Hortxe dago egungo Iran.

Ez dakit noraino dauden nahastuta Mendebaldeko potentzia horiek beroriek Egiptoko azken gertakarietan. Aditzera ematen dutena baino askoz gehiago, ziur. Haiek nahi izan ez balute, estatu kolpe hori ez zen emango: Egiptoko Armadaren aurrekontuaren zatirik mardulena... AEBetatik iristen da zuzen-zuzenean, «laguntza militar» deiturapean. Ez dago gehiago esan beharrik. Bost axola dit Mursiren eraispenaren inguruan darabilgun debate nominalistak. Kolpismoa hain gertutik ezaguna dugunok, malezia gehixeago eduki behar genuke. Eta jakin estatu kolpe guztietan, icebergetan bezala, gertatu den guztiaren zatitxoa besterik ez dela segituan ikusten ahal dena. Eta iraultzak ez direla su artifizial eta laser izpiekiko ikuskizunak izaten...

Ondorioek -ikusten hasi besterik egin ez dugun horiek- kezkatzen naute. Ni baino askoz jantziagoa den Gergesekin ados nago behingoz: «Kolpe biguna (?) arriskuz beteta dago, eta islamista eta laikoen arteko etena sakontzera dator. Mubarak eraitsiz geroztiko bi urte hauetan Egipton garatu diren gatazka sozial eta politiko garratzak ez ditu konpontzen. Aitzitik, azken gertakarion norabideak seguruenik are gehiago polarizatuko du Egiptoko herria, jada aski erdibituta dagoena estatuaren nortasunaren eta erlijioak politikan duen paperaren inguruan. (...) Zaila izanen da elkarren arerio diren taldeen arteko konfiantza berregitea». Horrexegatik bururatzen zait Mossadeghen aurrekaria, ziur asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo