GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Argibelgo lepoan

Jon GARMENDIA | Idazlea

Aldude bailaran, Kintoko eremuan, artzain bat bizi omen zen. Artaldearekin harat-honat ibiltzea maite zuen, beti bakarrik, eta beti libre. Usu joaten zen Argibel mendiaren bazterretan gora. Harrespil eta trikuharrien artean pozik zen, arbasoak irudikatzen zituen han, eta haiengandik jasotako bizimoldeari luzaro eustea amesten zuen, baina horrek arrangura sortzen zion aldi berean, ez baitzeukan oinordekorik. Tontorretik askatutako haitz erraldoi bat bada Argibelen, Arrikulunka izeneko hareharria, beste harri baten gainean pausatua, eta nehork nola ez badaki ere, orekari eusten diona; haren itzalpean etzan, eta naturako soinuen harmonian arnasa hartze hutsak zer plazer eragin dezakeen ageri zen artzainaren bisaian. Ez zuen beste nehoren beharrik zoriontsu izateko; hala uste zuen. Ehun ardi zeuzkan guti gorabehera, ez anitz, baina bai aski denak zaintzeko. Artzainaren emaztea arduratzen zen merkatura joateaz, eta senarrak artez egindako gaztak saltzen zituen han. Emazteak merkatuan lortutako diruarekin merkatuan bertan erosten zituen etxerako produktu guztiak. Ez zuten sobran, ez eta faltan ere. Baina udazkeneko arrats batez hilik aurkitu zuen artzainak emaztea, eta minak josi zion bihotza puntatik puntara. Bakarrik egotera ohitua zen, baina ez bakarrik bizitzera. Eta orain gaztak nola saldu, eta orain gaztak norentzat egin... erantzunik gabeko galderekin itolarria sentitu, eta ziztu bizian abiatu zen mendian gora, artaldea atzetik zuela. Geroztik, ardi salbaiak artzainaren xerka dabiltza mendian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo