GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Jarrai ezak mutiko honen pista...»

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

 

2008ko Tourrean, bigarren asteko etapa bat hastear ginela, Barloworld taldeko zuzendari Valerio Tevaldirekin elkartu nintzen irteera gunean. Nire debut urtea elkarrekin pasata, asko ikasteaz gain, oso harreman ona egin nuen berarekin; eta oraindik ere mantentzen dut. Horrela bada, gustura aritu ginen solasean: gure hastapenak, urtetik urtera lortutakoak, pausorik pauso Tourrera nola iritsi ginen, eta abar. Hizketan geunden bitartean, bere taldeko txirrindulari gazte bat gerturatu zen autora ur bila. Valeriok eman zizkion bidoiak eta niregana bueltatuz esan zidan: «Jarrai ezak mutiko honen pista, oso ona izango duk!».

Oraindik gaztea izan arren, zerbait berezia ikusten ziotela eta Frantziara Tourra ezagut zezan eraman zutela esan zidan. Etapa horretan eta ondorengoetan arreta jartzen nion bada bere ibiliari, eta baita neure golkorako pentsatu ere: «Ona izango duk ba, baina ez dauka bizikleta gainean itxura ederrik!». Neu ez naiz egokiena horrelakorik esateko, baina...

Hurrengo egunetan ere begiratzen nion eta asko sufritzen ari zen tankera hartzen nion; bizikleta gainean gorputz guztia mugituz, burua oker eta pedalei zarrapastaka eraginez ibiltzen zen. Baina han jarraitzen zuen gogor. Froomey zen, jatorri ingeleseko kenyarra. 23 urteko mutila bere lehen Tourrean zen. Oker ez banabil 84. postuan sailkatu zen urte hartan, baina ordutik gora eta gora egin du etengabe; bizikleta gainean ibilera antzekoarekin jarraitzen du, baina beste inork baino azkarrago eragiten die pedalei aurten.

Ezagutzen dudan apurrean, tipo jator eta umila dela esango nuke. Bere taldekideen lagun eta tropelean errespetatua. Valerioren hitzetara bueltatuz, arrazoia izango duela dirudi: «Mutiko hau oso ona izango duk!». Tex (Valerioren ezizena) zuzendari ona izateaz gain, bere txirrindularien oso lagun izan da beti, eta seguru gozatzen ari dela bere mutil gaztea horiz jantzita ikustean. Baina ez da bakarrik Froomey Barloworld zoragarri hartatik hasita Tour honetan protagonista dena... Hor daude besteak beste bere taldekide Geraint Thomas, Siotsou, Daryl Impey (lider izan den hegoafrikarra)... Tex handiak begi ona zuenik ezin ukatu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo