GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

INGUDEA

Izuzkizak eta Ariztegik lortu dituzte Nafarroako txapelak


Jon LEUNDA

Maika Ariztegik eta Aritz Izuzkizak irabazi dituzte Nafarroako ingude-altxatzeko txapelak. Berriro ere beroa izan zen protagonista Iruñean, eta beste behin ere zaleek sekulako erantzuna eman zuten.

Emakumezkoetan, lau partaide izan ziren, eta bakoitzak 9 kiloko ingudea erabili behar izan zuen. Garaipena Maika Ariztegik lortu zuen 92 jasoaldirekin, eta horrela txapelketako marka berria ere jarri zuen.

Bere atzetik Xanta Sousa sailkatu zen 82 jasoaldirekin, eta hirugarren postuan Nagore Diaz izan zen, 81 jasoaldirekin. Laugarren postuan, berriz, Gastearena sailkatu zen 73 jasoaldi lortuta.

Mutiletan ere lau ziren izatekoak, baina azkenean bi besterik ez ziren aritu; arrazoi ezberdinak zirela medio, Lazaro Bujan eta Josetxo Urrutia ez ziren aritu. Hemen, bakoitzak 18 kiloko ingudea erabili behar izan zuen, eta Aritz Izuzkiza izan zen txapeldun, 77 jasoaldi lortu baitzituen. Iribarrenek, aldiz, 66 lortu ahal izan zituen.

Motozerra lehiaketa ere jokatu zen atzo Iruñean, eta saio ikusgarri baten ostean, Migel Anjel Mariñelarenak lortu zuen garaipena.

Aizkora

Aizkora izango da gaurko protagonista, Nafarroako Hirugarren Mailako kanporaketa jokatuko baita. Vicente II.a, Joxan Etxeberria, Miguel Anjel Etxeberria, Kañamares IV.a, Pikabea, Goñi, Mieltxo Mindegia, Josu Agirre, Mikel Agirre eta Zabaleta neurtuko dira. Berrikuntzak bat baino gehiago dira, baina denen gainetik Mieltxo Mindegia izango da. Miel Mindegiaren semerik gazteena da, eta hiru semeetatik lehiaketa ofizialetan aritu ez den bakarra da, nahiz eta tartean baduen apustu bat jokatua eta irabazia.

Bakoitzak bi kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta aurreneko bost aizkolariek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Hori lortzeko faboritoen artean agertzen dira Mindegia, Vicente II.a eta Etxeberria II.a, esaterako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo