UDATE
Txakolin Eguna ospatuko dute Aretxabaletan XIV. Jardunaldi Gastronomikoen baitan
Debagoieneko produktuak ardatz, gazta eta Getariako jatorrizko deitura duten Upaingoa, Murgialdai eta Otxia txakolinak dastatu ahal izango dira euro baten truke. Herriko tabernek ere parte hartuko dute aurten jaian.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Txakolina izango da jaun eta jabe igandean ospatuko duten Debagoieneko Txakolin Egunaren bigarren edizioan. Antzuolari txanda hartuz, Aretxabaletan izango da aurtengoan jaia eta txakolinetan errege den Getariako jatorrizko deitura duten hiru txakolin dastatu ahal izango dira: Oñatiko Upaingoa eta Murgialdai eta Arrasateko Otxia.
Debagoieneko XIV. Jardunaldi Gastronomikoen barruan ospatuko da Txakolin Egunaren bigarren edizio hau, eta gazta eta garaiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere izango da. Besteak beste, Aretxabaletako Etxezuri eta Mendibitzu eta Arantzazuko Gomiztegi gaztak izango dira dastagai.
Aretxabaletako herriko plazaz gain, Durana eta Mikarte kaleak ere hartuko ditu jaiak. Bertan, euro baten truke edan ahal izango da txakolina 12:00ak eta 13:00ak bitartean. Nobedadeen artean, aurten tabernek ere parte hartuko dute ekimenean. 13:00etatik aurrera, bakailao, txokolate edo barazkiz osaturiko pintxoak eskainiko dituzte txakolinarekin batera bi euroren truke. Zehazki, Paulaner, Orly, Artano, Taberna Berri, Gurea, Hirusta, Iosu, Txakoli, Arlutz, Urbaltz, Dagda, Haizea eta Akorde tabernatan burutuko dute «pintxo-txakolina» bezala bataiatu duten txikiteoa. Horrez gain, Idiazabal gaztaren dastatze tailerra ere egingo da aditu batekin eguerdian.
Jardunaldi Gastronomikoak
Eskualdea hobeto ezagutzeko aitzakian antolatzen diren Jardunaldi Gastronomikoak ospatzen dabiltza Debagoienan hilak 31ra arte. Hala, hilabete bukaera arte luzatuko den programaren baitan hainbat jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte, betiere Debagoieneko txakolina, txokolatea eta bakailaoa oinarrizko osagaitzat izango dituzten errezetak ardatz.
Horrez gain, Euskal Herriko Barnealdeko Gatzagen Topaketak eta Gatzagaren Eguna egingo dira uztailaren 19an eta 20ean Leintz Gatzagan. Orobat, sukaldaritza tailerrak eta baserrietara bisitak egingo dira.