GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | CITY PASS

Kresal usaina darion eskaintza turistikoa

p053_f01.jpg


GARA | PASAIA

Udan, itsaso bila egiten du ihes kostaldera jende gehienak. Astebururo, Pasaiako badia itsasontziz ezagutzeko eskaintza ezin hobea dago eskuragarri. 13.00etan Pasai Donibanetik abiatuta, itsasotik bertatik, egungo arrantza eta zama kaiak ez ezik, arrantzale, idazle eta marinel ospetsuen etxe koloretsuak eta pirata eta itsas gizon askoren geraleku izandako portu historikoa ere ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Bokalerantz abiatuta, Ulia mendiaren itsaslabarraz eta Jaizkibelen itsasoko aurpegiaz ere gozatuko dute bisitariek.

Ibiltzea gustuko dutenentzako ere badago eskaintzarik. Izan ere, Itsasgela enpresak ibilbide gidatuak antolatu ditu uztaileko igandeetan. 14an eta 28an, Itsasargien Ibilbidea egingo dute, 10.00etan San Pedroko ontziralekutik abiatuta. Ordubete eta erdiko iraupena izango du, eta, nahiz eta zailtasun baxuko paseoa izan, trekkingeko zapatak eta ura eramatea gomendatzen dute antolatzaileek. Helduek sei euro ordaindu beharko dituzte; umeek, lau. Uztailaren 21ean, Talaia Ibilbidea egingo dute. Santiago plazatik hasiko da martxa, 10.00etan.

Itsasoari lotutako eskaintza osatzeko, euskal kostaldeko museoak bisitatzeko hainbat abantaila dituen txartela atera dute: deskontuak, eskaintzak, opariak... Mater Ontzi Museoan (Pasai San Pedro), Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan (Pasai San Pedro) eta Victor Hugo Etxean (Pasai Donibane) dago eskuragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo