GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

«The Unknown», Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen irudi

p054_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Orquesta Mondragon talde ezaguneko kideak, Javier Gurrutxaga eta Pedro Ayestaran Popotxo, izango dira Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 24. edizioaren karteleko protagonistak. Ohikoa den bezala, film bat hautatu dute irudi gisa eta horren estetikan oinarrituta osatu dute. Aurtengo asterako Tod Browningek 1927an egindako «The Unknown» filma hartu dute oinarri, eta Gurruchaga Alonzo zirkuko artistaren paperean jarri dute eta Popotxo horren lagun Cojo ipotxarena egiten. Zinemaren hasierako urteetako filmetako irudien gisara, zuri-beltzean egin dute kartela.

Gurruchagak bi taldekideen izenean hitz egin zuen -Popotxo aspaldian mututu omen zelako-, une oro txantxetan: «Ez dut ulertzen nola ez diguzuen lehenago deitu. A, badakit, gu zahartzea nahi zenuten, momia itxura hartzeko. Hala ere, oso pozik gaude hemengoak garelako eta Lon Chaney [aktore protagonista] asko miresten dudalako». Era berean, jaialdia goraipatu zuen, kalitate handikoa dela esanez eta urtetik urtera indar handiagoa duela nabarmenduta. «Donostian denetarik dugu: jaialdia eta frikiak». Aproposa dirudi «modeloen» aukeraketak, Orquesta Mondragon taldeak «Garras humanas» izeneko kanta baitauka «The Unknown» filmari eskainia; hori da izenburuaren gaztelaniazko itzulpena.

Jarraitzaile sutsuentzat

Bestalde, Josemi Beltran zinema asteko zuzendariak iragarri zuenez, aurten «ExpoSyFy» erakusketa ekarriko dute. Okendo kultur etxean izango da urria eta abendua bitartean, eta filmetako objektu originalak zein erreplikak izango dira ikusgai. Bertan aurkituko ditugu fantasiazko zinemaren edozein maitalek estimatuko dituen piezak, «Back to the future»-eko Deloreanaren fluxu-kondentsadorea, «300»-eko espartarren kaskoa, «V for vendetta»-ko jatorrizko maskara, «Jumanji» mahai-jokoa, «Indiana Jones»-eko protagonistaren zartailua, «The Lord of the Rings»-eko pertsonaien armak, «I, robot»-en Will Smithek erabiltzen duen motorra, «Terminator Salvation»-en erabilitako hidrobota edo «Jurasic Park»-en istorioari hasiera ematen dion moskitodun anbar harria, adibidez.

Erakusketa Propside.com konpainiak sortu du Syfy telebista kate espezializatuarekin elkarlanean, eta Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian izan ostean, Donostiara ekarriko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo