Bihar ezagutuko da Beñat Atorrasagastiren aurkako euroagindua onartuko duten
Pauko Dei Auzitegiak Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga iheslarien eta Ibon Fernandez presoaren aurkako euroagindu eskaerak aztertu zituen atzo. Atorrasagastiren gaineko deliberoa bihar jakingo da, eta, beste hiru euskal militanteen gainekoa, uztailaren 16ean.
GARA | PAU
Beñat Atorrasagasti euskal iheslari politikoaren aurkako euroagindu eskaerarekin zer gertatzen den bihar bertan jakingo da, gaur Pauko Dei Auzitegiak bere kasua aztertu eta gero. Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga iheslarien eta Ibon Fernandez preso politikoaren kasuak ere aztertu ditu Paueko Auzitegiak, baina azken hiru militanteon euroaginduekin zer gertatzen den ez da datorren uztailaren 16ra arte ezagutzera emango.
Atzoko saioan, Atorrasagastiren prokuradoreak euroagindua ez onartzea eskatu zion tribunalari, iheslariaren kasuaren dosierrean hutsune nabarmenak daudela argudiatuta. Jokin Aranalderen kasuan, abokatuak epaiketaren atzeratzea eskatu du, beharrezko informazioa berandu heldu zitzaiolako eta sakonean aztertzeko astia izan ez duelako. Tribunalak ez dio jaramonik egin eskaerari eta epaiketa bere horretan mantendu da, datorren asteartean jakingo delarik azken erabakia.
Aitor Zubillaga, berriz, 2008ko ekaineko euroagindu bat tarteko atxilotu zuten, baina, aldiz, espainiar Estatuak 2013ko euroagindu batean oinarrituta eskatu du bere estradizioa. Akats hori ikusita, Maritxu Paulus Basurco bere abokatuak agindua baliogabetzea eskatu du. Datorren asteartean jakingo dugu Pauko Auzitegiak baliogabetzea onartzen duen edo justizia espainolari informazio gehiago eskatzen dion.
Fernandez Iradi, larriki gaixo
Ibon Fernandez Iradiren kasuan, abokatuak euroagindua ez onartzeko eskatu du, esklerosi anizkoitzaren aurkako tratamendua jasotzen ari baita. Abokatuak argudiatu duenez, Estatu espainiarreko kartzeletan ez luke beharrezko arreta medikurik jasoko.
Lau militanteen atxiloketak salatzeko, Bake Bidea kolektiboak manifestazioa deitu du datorren uztailaren 20an, Baionan.
Lau euskal militanteak pairatzen ari diren egoera salatzeko manifestaldia deitu du Bake Bidea kolektiboak datorren uztailaren 20rako, Baionan.