GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xanti Begiristain Madotz | Auritz, Nafarroa Garaia

Enrique Maya jaunari

Uztailaren 14an izanen da Txistu Alardea. 120 zentimetrora egonen da oholtza, eta oztopoa da nola igo bertaraino, ni bezalako pertsona bat, gurpil aulki elektronikoan dabilena, eta aulkiak, berak bakarrik, 120 bat kilo dituenean.

Enrique, uste dut zor didazula azalpen bat. Uztailaren 2an deitu nuen Iruñeko Alkatetzara, zuri laguntza eta konponbidea eskatzeko, arazo bat moldatzekotan. Uztailaren 4an, 8an eta 9an ere errepikatu nuen dei berbera. 8an ez, baina gainerako egun guztietan, telefonoa hartu zuten zure bi langilek eta esan zidaten jakinaraziko zizutela nire arazoa eta norbaitek erantzunen zidala zerbait. Ongi, ba, lehenengo erantzuna uztailaren 9an izan zen, eguerdiko hamabietan, eta, azkena, 12.30ean, baina arazoak berdin jarraitzen du, hau da, konpondu gabe, horretxegatik hasi naiz idazten gutun hau, nire desadostasuna adierazteko zuri eta irakurle guztiei.

Kontua da, uztailaren 14an izanen dela aurtengo ohiko Txistu Alardea, 54.a oker ez banago, San Jose plazan, eguerdiko ordu batean, baina oholtza egonen da 120 zentimetrora lurretik, eta oztopoa da nola igo bertaraino, ni bezalako pertsona bat, gurpil aulki elektronikoan dabilena, eta aulkiak, berak bakarrik, 120 bat kilo dituenean.

Udalak argudiatzen du kontzertu hau ez duela antolatu berak, eta, hortaz, ez duela zertan jarri iristeko modua; jar dezala Txistulari Elkarteak, talde pribatu horrek. Esan dizuet, halaber, Txistulari Elkarteak ez duela bitarteko ekonomikorik horretarako, eta zuek erantzun didazue, udalak jarri beharko balitu irisgarri, sanferminetan antolatzen diren ekitaldi guztiak, orduan udala lur jota geldituko zela. Nik argudiatu dizuet hau ez dela beste edozein enpresa, dirua irabazteko asmoa duena, beste batzuk bezala, alderantziz, sei entsegu izanen dira osotara eginen direnak (bost larunbat eta igande batean) gehi megafonia proba, deus ere irabazi gabe, bueno, bai, egia esan, kontzertuaren egunean emanen digute hamaiketako xume bat, besterik ez.

Era berean, esan dizuet balitekeela ni gelditzea ezin igota oholtzara, modu normalizatu batean, behinik behin, eta, agian, horren ondorioz, baztertuta eta diskriminatuta. Erantzun didazue, udala ezin dela sartu horretan, muturra sartzea izanen litzatekeela horrela jokatuz gero. Nik esan dizuet, baietz, eskatzen dizuegula parte hartzeko konponbide horretan, baimena ematen dizuegula eta desiratzen gaudela, gainera. Zuek mugatu zarete erantzutera, hitz egin dezadan Raul Madinabeitiarekin, antolatzailearekin, alegia, berak arazoa jakinen ez balu bezala eta bera edozein pertsona balitz bezala, antza denez, Enrique, ez dakizue Raul Madinabeitia Iruñeko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasle titularra dela oso aspalditik, oposizioaren bidez.

Azaldu didazue, kasu honetan, Txistulari Elkartea izanen dela ni diskriminatzen nauena. Bai, hala izanen da, konbentzitu nauzue, eta, gainera, 54 urte daramatza dagoeneko ni bezalako pertsona gizagaixoak baztertzen, asmo txarreko elkarte horrek. Bai, Maya jauna, ez dago eskubiderik, ez dakit nola ausartzen den Txistulari Elkartea bezalako talde ziztrin bat antolatzera halako kontzertu berritzaile bat, batere kobratu gabe eta 54. aldiz gainera! Azken batean, hori zer da, ba, kultura hutsa baizik, eta, gainera, dohainik hirian dabiltzan ikus-entzule guztientzat! Ezetz, jaun-andreok, horrela ezin da funtzionatu, gaur egun altruismoak galdu du bere balio guztia, e! Enrique jauna? Jakina, hemen, zuek egin duzuen bezalaxe egin beharra dago, ordu erdiko bileratxo baten truke milaka euro kobratu, noski! Bestela, zertarako aritu? Horrela ez du merezi!

Bestalde, mundu guztiak daki Iruñean txistu kontzertu altruista hau bezalako beste hamaika edo milaka daudela sanferminetan, eta, jakina, Iruñeko Udalak guztiei emanen balie baimena indar elektrikoa konektatzeko, gure udala goitik behera joanen litzateke, eta, jada, ni bezalako ezgauza guztiei egokitu beharko balie irispidea, zer esanik ez, hori udal osoaren porrot eta hondamendi ziurra izanen litzateke, zalantzarik gabe!

UPNko zu bezalako alkate batengandik banekien ezin nuela askoz gehiago espero, baina, lankide ohi batengandik oraindik gelditzen zitzaidan itxaropen ñimiño bat, salbuespenen bat lortzeko, eta gutxienez aurpegia erakuts zenezan, baina, argi dago, usteak erdiak ustel.

Enrique, jarraitu horrela eta laster lortuko duzu izatea Iruñeko alkate auzipeturik maitatuena. Bueno, ez zaitut gehiago molestatuko nire txistu desafina- tuaren doinuekin: do-re-mi, hanka oker hori, fa-sol-la, zuzendu zaiola.

Bakea eta osasuna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo