GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jeiki Egunen bitartez, gazte antolakunde berria sortzeko inplikazioa sustatuko dute

Gazte dinamika berriak joan den neguan egin zituen lehen urratsak gazte abertzale eta ezkertiarren antolakunde berria sortzeko xedearekin. Bide horretan sakontzeko Jeiki Egunak egingo dituzte uda honetan.

p016_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | ARRANGOITZE

Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarrek berezko arazoei erantzun ahal izateko tresna egokiena definitzen segitzen dute. Prozesu horren nondik norakoen berri eman zuten atzo, Arrangoitzen.

Hain zuzen ere, agerraldi publikoa herri horretan egiteak bazuen sinbologia berezia. «Ez dugu kasualitatez hautatu kokapen hau, hemengo auzapezak homosexualen arteko ezkontzaren kontra duen jarrera gaitzetsi nahi dugulako baizik. Norberaren askatasunaren bidean, halako mugarik jartzea onartezina iruditzen zaigu», esan zuten.

Eztabaida lehen fasean hausnarketa azkarra egin zuten, otsailaren 2an, Ezpeletan elkartu ziren ehun bat gazteek. Beren arteko ezagutza eta harremana sendotzeaz gain, aipatu arazoak identifikatu zituzten bertan eta horiei aurre egiteko manerak ere izan zituzten hizpide. Geroztik, herrietara eraman dute eztabaida. «Herriz herri, 120 militante aritu gara, eta ari gara oraindik, dinamika hori mamitzen. Batez ere, biharko gazte erakundearen antolakuntza eta horretarako beharko ditugun baliabideaz gogoetatu dugu», gaineratu zuten.

Eztabaida prozesu horrek hastapenetik izan duen filosofia nabarmendu zuten: «Gure dinamikak demokrazia parte hartzailea du oinarri. Herriei garrantzia eman nahi diegu eta denen ideia eta esku hartzearekin, gazteen arazoei aurre egitea lortuko dugulakoan gaude». Bide horretan, beharko dituzten hainbat baliabide zehaztu dituzte jada, besteren artean, egoitza bat izatea.

Hausnarketa eta besta

Une honetan oinarri ideologikoak eta ildo politikoa jorratzen ari dira. Fase hori hurrengo asteetan amaituko dutenez, ez zuten edukiez zehaztasunik eman, baina «Euskal Herriaren subiranotasuna eta euskal gizarte zuzen baten aldeko aldarriak marrazten» ari direla adierazi zuten. Ondoren, azken faseari lotuko zaizkie borroka moldeak eztabaidatzeko.

Bitartean, ordea, hausnarketa hedatu eta ahalik eta gazte gehienen inplikazioa sustatzeko asmoz, uda partean zenbait ekimen bideratuko dituzte, batik bat, Jeiki Egunak antolatuz. «Kanpaina honek gure dinamika zabaltzea, gazteen parte hartzea sustatzea, eta, giro aproposean, elkar ezagutza bultzatzea izanen ditu helburu», azpimarratu zuten.

Animazio, kontzertu, mintzaldi, formakuntza saio eta eskaintza koloretsu eta askotarikoez osatuko dira Jeiki Egunak. Gainera, tokian tokiko errealitateari egokitutako aldarrikapenak karrikaratzeko aukera izanen da. Momentuz Baiona, Azkaine, Senpere, Urruña, Donibane Garazi, Donapaleu, Hazparne eta Hendaian antolatzen ari dira Jeiki Egunak.

Jardunaldiok «ezkerreko abertzale sentitzen den orori irekitako aldarrikapen eta besta egunak» izango direla nabarmenduta, bertan «parte hartzera eta gozatzera» dei egin zuten, «guztion inplikazio eta arduraz aitzina egiteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo