GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

Jaiak eta bizikletak uztartuz

 

Bi elementu hauek uztartzea ez da lan erraza. Biak muturrera eramandakoan, are zailago oraindik. Izatez jai eta parranda zalea naizen arren, txirrindularitzan aurrerapausoak egin ahala jai giro hori alde batera utzi beharra izan dut. Bizikleta gainean denak emanda gabiltzanean, jaietarako gogo gutxi normalean, eta parrandan topera dabilenak ere biharamunean pedalei eragiteko adore handirik ez du izan ohi. Ezagutzen dut biak uztartzen dituen bat edo beste, eta gainera erdi bromatan duatleta dela esaten duena, baina oso gutxi dira horretarako gai.

Uda parte honetan, herrietako jaiak eta Tourra protagonista direnez, honen inguruan idaztea otu zait gaur. Goizean zortzietarako jaiki eta San Fermin jaietako entzierroa ikusiz ekiten diot egunari (jai giroan). Gosaldu eta eguneko entrenamendua bukatzen dudanerako martxan egoten da Tourreko etapa eta hura ikusiz atseden hartzen dut. Gaurko [atzoko] etapan, esprinterako lehian zezenak lez zihoazenean, hankaz gora ikusi ditugu txirrindulari mordoa. Adarkadarik ez baina ubeldu eta zauri ederrak izango ditu batek baino gehiagok! Beraz, nik ere neurri txiki batean jaiak eta bizikletak uztartzen ditudala esan dezaket, ezta?

Baina ez da hori izan zutabe hau idaztera eraman nauen arrazoi nagusia. Gaur, Markinako Karmen jaiak hasten dira, eta txupinarekin batera bizikleta-poteoa izaten da. Bakoitzak bere bizikleta globo eta gainerako apaingarriekin atonduta, kuadrillaka tropeltxoak osatzen dira, txosnetan hasi eta herriko tabernetan zehar erronda egiteko. Bizikleta poteo horretan bai uztartzen direla egoki jaiak eta bizikletak, giro paregabea sortuz. Zoritxarrez, arrazoi bat edo beste tarteko, azken zazpi urteetan ezin izan dut bertan egon eta aurten ere aparte izango naiz. Granadako Sierra Nevadan altueran kontzentraturik nago Espainiako Itzulia prestatzen, baina egungo Whatsapp eta gainerakoen bidez iritsi zaizkit parrandarako prest dauden bizikleten argazkiak. Tourrean ikusten diren azken modeloak baino ikusgarriagoak dira batzuk!

Buru-belarri nire bizikleta eta entrenamenduetan zentraturik nagoen arren, gaurkoan adi-adi egongo naiz Markina aldean ze martxatan dabiltzan ikusteko, eta nola ez, baita txirrindularitzaren jairik handienari begirik kendu gabe ere, Tourrari alegia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo