GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Txaikovski, Euskadiko Gazte Orkestraren udako eskaintza

P052_F01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere historiako «proiektu handinahi eta zailenetako bati» helduko dio. Hala azaldu zuten atzo Gazte Orkestrako udako denboraldiaren aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Joxean Muñozek, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako zuzendariak, Juan Jose Oconek.

Hamaseigarren udako denboraldia duen honetan, Txaikovskiren «Bosgarren sinfonia» hainbat tokitara eramango du orkestrak lau egunetan zehar, panorama sinfonikoan den programarik eder eta zailenetarikoa jorratuz. «Kontzertu honek erronka eta pauso handia suposatzen du», nabarmendu zuen Muñozek. Aurrena, ordea, Eibarren egingo diren topaketetan elkartuko dira orkestra osatzen duten musikari gazteak udarako aukeratuko irakasleekin eta Juan Jose Ocon zuzendariarekin berarekin.

Orkestra gaztea, etorkizun apustua izateaz gain, «errealitate» ere badela azpimarratu zuen Joxean Muñoz kultura sailburuordeak. Izan ere, programazio zail honekin «gazteak trebatzea» bilatzen dute, gero merkatu profesionalean lehiakorrak izan daitezen. Kontzertuon exijentzia mailaren adibide, solo bat interpretatu beharko du topaketetan aukeratzen duten tronpa jotzaile batek. Juan Jose Ocon EGOko zuzendariak nabarmendu zuenez, Eibarko egonaldia «mundu profesionalean oso gogorrak diren benetako oposizioetarako prestatzeko» baliagarria izango zaie euskal musikari gazteei. Zentzu horretan, penatuta agertu zen lehen hiru aste irauten zuten topaketak bira murriztu direlako, «eta, gainera, maila bera eman beharra daukate musikariek».

Uztailaren 21ean Gasteizko Principal antzokian arituko dira EGOko musikariak, 22an Bilboko Euskalduna jauregian, 23an Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta, bukatzeko, 24an, Hondarribiko Itsas Etxea aretoan. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, Gasteizen egingo dena salbu -20:30ean izango da-. Txaikovskiren «Bosgarren sinfonia»-ren atariko bezala, Carl Maria Von Wever musikariaren «Der Freischütz» lana ere joko dute.

Euskadiko Orkestran praktikak

Bestalde, EGOk hogei musikariri entzunaldiak egiteko asmoa duela ezagutarazi zen atzoko ekitaldian. Aukeratuek Euskadiko Orkestra Sinfonikoan praktikak egiteko aukera izango dute. Horrenbestez, musikari profesionalekin batera arituko dira lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo